25 elkarte inguruk presoen urruntzearen aurkako adierazpen bat onartu dute
Martxoaren 12an, ostegunean, presoen urrunketaren inguruko hitzaldi bat egingo du Joseba Azkarragak, San Jeronimo kaleko kriptan. Sare herritarrak antolatutako solasaldia 19:00etan izango da, eta han izango dira ere presoen urrunketaren aurkako adierazpen bat sinatu duten elkarte gastronomikoak ere.
Hainbat arlotako 25 elkarte inguruen atxikimenduaz gain, presoen urrunketaren inguruko adierazpenak hainbat erakunde publikoren babesa jaso du azken denboran. Hain zuzen, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Batzar Nagusiek presoen urrunketa politikarekiko desadostasuna azaltzen zuen mozio bat onartu zuten, baita sindikatu ugarik. Donostiako Udalak ere mozioa onartu zuen 2018ko irailean.
Adierazpenarekin bat egin duten elkarteak dira, besteak beste, Altzatarra kirol elkartea, Antiguoko kirol elkartea, Antxeta elkartea, Donostia, Donosti Gain kirol eta kultur elkartea, Euskal Giroa elkartea, Gastronomiazko Euskal Anaiartea, Gaztelubide elkartea, Ikasbide elkartea, Istingorra elkartea, Itzalpe elkartea, Peña Hipika elkartea, Union Artesana elkartea, Ur Kirolak kirol elkartea. Sarek elkarte gehiagok bat egitea du helburu gisa, horrela, “ez ohiko espetxe politikak” dakarren urrunketaren kontra “gehiengo zabal bat dagoela” ikusarazteko.
Egun, Donostian erroldatutako 30 pertsona daude presoentzako urruntze espetxe politiken eraginpean, eta osteguneko hitzaldian, preso donostiarrek eta haien senideek pairatzen dituzten urrunketa eta “beste hainbat zigor gehigarriz” arituko da Azkarraga.