Belartzako betelanean zaborra botatzen hasi direla salatu du Eguzkik
Eguzki talde ekologista eta antinuklearrak Belartza Goikoako betelanean bestelako zaborrak botatzen hasi direla salatu du. Mercadona eta McDonald’s eraiki zituztenean egin zuten betelana, eta legez kanpo egin zutela gogorarazi dute ohar batean. Ohar honetan argazki batzuk txertatu dituzte, botatako hondakinekin. Esan dutenez, ez dira botatako hondakin bakarrak, deigarrienak besterik ez. Obra-hondakinak, tabernaren eta jatetxeren bateko puskak, eta autoen zatiak ere ikus daitezke.
Eskatu dute udaltzaingoak “arreta pixka batekin” miatzea hondakin hauek, nondik datozen jakiteko. Bestalde, Donostiako Udalari galdegin diote hondakin horiek garbitzeko, eta neurriak lehenbailehen hartzeko, “Belartza Goikoa legez kanpoko zabortegi bihurtu baino lehen”. Arazo nagusia betelana bera dela azpimarratu dute: “Gogoan izan Enrique Ramos zinegotziak bertan makina bat tona harri piatzea baimendu zuela, legez kanpo baimendu ere. Izan ere, EAEko Auzitegi Nagusiak betelana hortik kentzeko agindu zuen”.
Eguzkik eta Haritzaldek joan den urrian Ingurumenaren Udal Kontseiluan berriro ez parte hartzea erabaki zuten, Belartza Goikoan eta Lourdes Txikin egin zituzten “txikizioak” konpondu arte.