EH Bilduk salatu du District Heatingeko fakturak Txomiñeneko bizilagunei saldutakoak baino %50 garestiagoak direla
District Heating sistemaren bitartez, bizilagunek jasoko zituzten fakturak %15 merkeagoak izango zirela azaldu zuen udalak, baina lehenengo fakturak iritsi zaizkie, eta %55 garestiagoak izan dira.
Donostiako Udalak Txomiñenen ezarri duen berokuntza eta ur beroaren sistema komunitarioa da District Heating, eta abantaila ugari ditu ingurumenaren ikuspegitik, beroa sortzeko erregaia jasangarria baldin bada. Hain zuzen, udalaren aurreikuspenen arabera, CO2 isuriak %80 murriztuko dira sistema horrekin. Udalak Ferrovial Servicios S.A. eta Tecnocontrol Servicios S.A. enpresek osatutako Aldi Baterako Enpresen Elkarteari (ABEE) adjudikatu zion District Heating proiektua 2017an, hamabost urteko iraupena duen kontratu baten bitartez. Horrela, udala da zerbitzuaren titularra eta haren ustiapen baldintzak eta prezioak finkatzen dituena, baina ABEE hori da energia ekoiztu eta kudeatzen duena, baita Txomiñeneko bizilagunei faktura pasatzen diena ere.
Auzoko etxe berri zein zaharretan ezarri dute sistema hori, eta udalak bizilagunei jakinarazi zien jasoko zituzten fakturak %15 merkeagoak izango zirela. EH Bilduk azaldu duenez, bizilagun batzuen testigantzak jaso dituzte, eta esan diete District Heating sistemari uko egin ziotela, garestiegia iruditzen zitzaielako, baina etxebizitza berrietako bizilagunak hamabost urtez sistema onartzera behartuta zeuden, salmenta kontratua formalizatzearekin batera.
EH Bilduren arabera, ordea, District Heating sistema duten bizilagunen artean kezka sortu da lehenengo fakturak heldu zaizkienean. Izan ere, berokuntza eta ur beroaren sistema indibidualak dituzten herritarren fakturak baino garestiagoak dira Txomiñenekoek jaso dituztenak. Horregatik, EH Bilduk adierazi du simulazioak egin dituztela, Ferrovial Servicios S.A. enpresak District Heating sisteman dituen prezioak gas naturala duen beste edozein herritarrekin alderatuz –energiaren prezioa, mantenua, zergak eta eskuragarritasuna kontuan hartuz, besteak beste–, eta salatu dute sistema komunitarioko fakturak %55 garestiagoak direla, batez beste. Era berean, azaldu dute auzoko bizilagunek euren kalkulu propioak ere egin dituztela, Ferrovial Servicios S.A. enpresaren prezioak beste enpresa batzuen prezioekin alderatuz, Donostiako oposizioko alderdiak lortu dituen emaitza antzekoak eskuratuz.
Horregatik guztiagatik, gaiaren inguruan galdetuko dio EH Bilduk udal gobernuari. Hain zuzen, galdetuko dute ea zergatik ordainduko duten %55 gehiago %15 gutxiago ordaindu beharrean, zenbatekoa izango den Txomiñeneko bizilagunek hamabost urte horietan ordainduko duten gainkostua, ea aipatu ABEEari azalpenak eskatu dizkioten, eta ea bizilagunei konpentsaziorik ematea aurreikusten duten.