Iztuetako zubibidea eraisteko obraren prestaketa lanak hasi dituzte
Gaur hasi da Iztueta zubibidea eraisteko proiektuaren lehen fasea. Hain zuzen, fase horretan zonaldea “prestatuko” dute, zubibidearen eraisketa egin ahal izateko. Eraisketa egin bitartean, Iztueta kaletik desbideratu beharko dute zirkulazioa, eta horretarako, kale horretako egungo kota jaitsi beharko dute, autobusak eta altuera jakin bateko ibilgailuak trenbidearen zubi azpitik igaro ahal izateko. Iztueta kaleko zirkulazioa moztu egingo dute horregatik, eta autoen aparkalekuak kendu egingo dituzte. Zehazki, lehen fasean honako bi lanak egingo dituzte: Iztueta kaleko aparkalekuak kenduko dituzte, eta Iztueta kaleko edukiontziak Tomas Gros kalera eramango dituzte. Donostiako Udalaren aurreikuspenen arabera, fase horrek lau aste iraungo ditu.
Bigarren fasea apirilean hasi nahi dute, eta galtzadaren altueraren beheratzea izango da lan nagusia; gutxi gorabeherako iraupena bi hilabetekoa izango dela aurreikusten du udalak. Fase horrek honako eraginak izango ditu: alde batetik, Tomas Gros kalea norabidez aldatuko dute, eta Iparragirre kaleak bi norabide izango ditu, azkena irteerarik gabeko kale gisa geldituz; Iztueta kaleak ere ez du irteerarik izango. Bestetik, Zuhaizti plazako eta Iztueta kaleko aparkalekuak kenduko dituzte, eta, azkenik, lurperatutako zabor-edukiontziak ezgaituko dituzte ohiko beste edukiontzi batzuk ipintzeko.
Azkenik, hirugarren fasean, zubibidearen eraisketa, trenbideko zubi berriaren eraikuntza eta biribilgunearen sorrera egingo dituzte; hori, ekainean hasi nahi dute, eta aurreikuspenen arabera bederatzi hilabeteko iraupena izango du. Fase honek izango du eragin gehien inguruko zonaldean. Honakoak izango dira:
- Miserikordia kaleko zirkulazioaren norabidea aldatuko da. Ondorioz, trafikoa bertatik Mirakruz kalera irtengo da.
- Iztueta kaleak norabide bikoitza izango du, nahiz eta hirigunerako norabidea autobusek, taxiek eta altuera handiko ibilgailuek soilik erabili ahal izango duten. Hau da, ibilgailu pribatuentzako irteera bai hirigunera, bai Gros auzora Miserikordia kaletik izango da.
- Iparragirre kalea norabidez aldatuko da, bertakoentzako eta hotelentzako aparkaleku zirkuitua osatuz (Iparragirre kalea sarrera izango da, eta Tomas Gros, berriz, irteera).
- Iparragirre kaleko TAO aparkalekuak bertakoentzako aparkalekuak izango dira.
- 11 aparkaleku berri sortuko dira Zuhaizti Plazan eta 9 Mandasko Dukearen kalean Gros norabidean.