Spyder Turnerrek Dean Parrish ordezkatuko du Mojo Workin' jaialdian
Donostiako Mojo Workin’ soul eta rhythm & blues jaialdia hastear dagoenean, aurtengo egitarauko izarretako batek, Dean Parrish abeslariak, bere emanaldia bertan behera utzi du. Jaialdiak bere sare sozialetan azaldu duenez, buruhauste bat izan da antolatzaileentzat eta jaialdiko taldea osatzen duten musikarientzat azken orduko gertakari hori, baina ordezko bat lortu dute: Spyder Turner. Ez da Turnerrek Mojo Workin’-ean abesten duen lehenengo aldia izango, 2017an jaialdian egon baitzen estatubatuarra, eta giro ezinhobea sortu zen bere kontzertuan.
Dean Parrish ordezko gisa zen Mojo Workin’-era etortzekoa, Sidney Barnes baitzen hasiera batean aurtengo jaialdian egon behar zena, baina osasun arazo larriak zirela eta, bere emanaldia bertan behera utzi zuen Barnesek iazko abenduan. Aldaketa horrek jaialdia ekonomikoki ahul utzi duela azaldu dute sare sozialetan, baina pozik agertu dira Turnerren itzulerarekin, duela hiru urte eman zuen kontzertua Mojo Workin’-eko onenetako bat izan baitzen. Beraz, honakoa izango da asteburuko behin betiko egitaraua:
Martxoak 12, osteguna:
- 20:30ean, Mavis Staplesen omenezko Mavis! filma proiektatuko dute, Trueba zinema aretoetan.
Martxoak 13, ostirala:
- 17:00etan, Alldayer DJ sesioa egingo dute Eiger edaritegian, doan.
- 21:00etan, The Magnetophones taldeak irekiko du gaua Gazteszenan, eta Carolyn Crawfordek eta Spyder Turnerrek joko dute ondoren. Azkenik, Allnighter DJ sesioa egingo dute.
Martxoak 14, larunbata:
- 17:00etan, Alldayer DJ sesioa egingo dute Eiger edaritegian, doan.
- 21:00etan, Guadalupe Plata taldeak irekiko du gaua Gazteszenan, eta Ruby Andrewsek eta Chris Clarkek joko dute ondoren. Azkenik, Allnighter DJ sesioa egingo dute.
Martxoak 15, igandea:
- Vermouth sesioa egingo dute Tabakalerako Kutxa Kultur Kluba aretoan, Big Bob Railroad eta Gildas Hot Club taldeen eskutik, doan.