Egiako tunelean margoturiko emakume historikoen irudiak egun batetik bestera kendu dituzte
Kontadoreseko stencil margoketa laborategiko kideek martxoaren 8an Egiako tunelean eginiko horma irudiek ez dute bere lekuan egun bat bera ere iraun. Egitasmoaren helburua historian zehar errekonozimendu apala izan duten zenbait emakumeren lorpenak ezagutzera ematea zen, baina udal zerbitzuek ez dute horretarako aukerarik eman, astelehen goizerako margoketa guztiak kendu egin zituztelako.
Laborategiko kideek salatu dute egoera: “Gure lanarekin, historiak isilarazi edo estali dituen emakumeen bizitzak aldarrikatu nahi genituen, jendeak ezagutu zitzan. Bada, margoketak ordu gutxiren buruan kendu dituztela ikusita, gure ekarpen horren beharra are nabarmenagoa zela berretsi dugu”.
Azaldu dutenez, erakusketa martxoaren 30era bitarte mantentzea adostu zuten udalarekin. Irudiak feltrozko oihaletan margotu eta tuneleko hormetan zintzilikatu zituzten, Emakumeen Nazioarteko Egunean euren “ekarpena” egiteko. Gerora jakin zutenez, igandetik astelehenera bitarteko gauean, udal garbitzaileek oihal horiek tuneletik erretiratu eta biltegi batera eraman zituzten.
Momentuz, hor gordeta daude, baina operazio horretan oihalek zenbait kalte jasan dituztela salatu dute laborategiko kideek. Gertakari honen aurrean, horma irudiak berriz bere lekuan ipintzea eskatu diote egileek udalari, “eginiko akatsa ezabatu ezin daitekeen arren, behintzat jendeak emakume hauek ezagutzeko aukera izaten jarraitu dezan”.
Jarraian, stencil laborategiko kideek martxoaren 8an egin zituzten zenbait margoketa: