Eneko Goiak eta Denis Itxasok Norte III espetxearen egoera aztertu dute
Eneko Goia Donostiako alkateak eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuko EAEko ordezkariak bilera egin zuten astelehenean Gasteizen, Itxaso karguan dagoenetik egin duten lehenengo bilera. Espainiako Gobernuaren kudeaketarekin zerikusia duten Donostiako gaiak jorratu zituzten bilera horretan, Norte III espetxe berriaren proiektua, bereziki.
Iazko azaroan sinatu zuten proiektua idazteko kontratua esleipendunarekin, eta zortzi hilabeteko epean idatzia gauzatu beharra dago. Horregatik, lanen lizitazioa 2020ko azken hiruhilekoan egitea aurreikusten dute, eta adjudikazio prozesuak sei hilabeteko iraupena izango du. Beraz, Itxasoren aurreikuspenen arabera, lanak 2021eko bigarren hiruhilekoan hasiko dituzte.
Era berean, gaurko Tokiko Batzorde Gobernuaren osteko prentsaurrekoan Goiak adierazi du espetxe berriaren gaiarekin “lasaiago” dagoela, ikusten duelako proiektua idazten ari direla: “Prozesua azkarrago joango balitz, hobe, baina seinale ona da zerbait mugitzen ari delako”. Martuteneko espetxeari dagokionez azaldu du Norte III eraikita eta erabilgarri egon arte, ezingo dutela oraingoa eraitsi.
Alkateak jakinarazitakoaren arabera, Norte III “edukiera ertaineko” presondegia izango da, eta “gizarteratze zentro” baten ildoa jarraituko duela baieztatu du: “Horrek esan nahi du, besteak beste, segurtasun neurri gutxiago izango dituen zentroa izango dela”, azaldu du. Goiak gogorarazi du Jose Luis Zapatero Espainiako presidentea zenean idatzi zela Zubietako espetxearen lehen proiektua, eta orduan, “edukiera handiko” espetxe bat eraikitzea zen asmoa. Ondoren, PPren agintaldian, proiektua birplanteatu zuten, eta “edukiera ertaineko” espetxe bat proposatu zuten. “Oraingoan, hirugarrenean proiektuan, bigarrenaren tamaina mantendu da”, azaldu du alkateak.
Halaber jakinarazi du Txomiñeneko bigarren faseari ekiteko ezinbesteko baldintza dela Martuteneko espetxea lekualdatzea, eta horregatik, bigarren faseari ahalik eta azkarren ekiteko aurretiko lan guztiak prest dituztela gaineratu du. “Hasieran, fase bakar batean egin nahi genuen Txomiñenea berria, baina azkenik bi fasetan egingo da; bigarren faseko planteamendua eginda dago dagoeneko eta aurrekoa baino txikiagoa izango da”, azaldu du.
Loiolako kuartelak
Itxasorekin izandako bileran, Loiolako militarren kuartelen inguruan ere hitz egin zuen alkateak, eta behin baino gehiagotan esandakoa berretsi du gaur: “Gai konplexua da, izan ere, eskumena ez da gurea, eta gure asmoak betetzeko jartzen zaizkigun baldintzak betetzea oso zaila da”. 2016an sinatu zuten Donostiako Udalak eta Espetxe Azpiegitura eta Ekipamenduen Estatu Sozietateak Eskuzaitzeta ZO.08 eremuko komunitate ekipamenduko lursaila erosteko hitzarmena. 284.255 metro koadrokoa da lursaila. Alkatearen ustez, “logika nagusi izango balitz”, militarren kuartelak ere hara lekualdatuko lituzke Espainiako Gobernuak, partzelan lekua “soberan” dagoelako bi azpiegiturak han jartzeko.