'Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa' dokumentala proiektatuko dute Egian eta Loiolan
Abenduan estreinatu zuten, Antzoki Zaharrean, eta orain, Egian eta Loiolan ikusteko aukera izango da. Bihar, martxoaren 11n, Egiako kultur etxean proiektatuko dute dokumentala, 19:15ean. Etzi, berriz, hilaren 12an, Loiolako kultur etxean izango da ikusgai, 19:00etan.
2019an 40 urte bete ziren Guardia Zibilak Gladys del Estal gaztea hil zuenetik, eta urteurrenaren harira, haren oroimenezko jarduera ugari antolatu zituzten iaz. Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa filmak Euskal Herriko mugimendu antinuklear eta antimilitaristaren historia errepasatzen du, Gladys del Estal militante donostiarraren bizitza oinarri gisa hartuta. Dokumentalaren gidoia Sabino Ormazabalek idatzi du, eta Bertha Gaztelumendi izan da lanaren zuzendaria.
Borroka baten isla
1979an, Three Mile Islandeko (Harrisburg, AEBak) istripu nuklearraren ondotik, eta Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren ospakizunekin bat eginez, -ekainaren 3an-, nazioarte mailako mugimendu antinuklearrak hainbat mobilizazio antolatu zituen. Gurean, mobilizazioa Tuteran burutzea erabaki zen. Izan ere, euskal kostaldean programatutako hiru zentral nuklearrez gain (Lemoiz, Ea-Ispaster eta Deba), Arguedasen laugarren bat gehiago eraikitzeko proiektua bait zegoen, Tutera alboan, alegia. Deialdi hartan, era berean, Bardeetako tiro- eremua desegitea ere aldarrikatu zen.
Gladys del Estal Ferreño Tuterara joan zen, baina ez zen itzuli. Guardia Zibil baten tiroak bizitza kendu zion manifestaldi baketsu eta baimendu hartan. Dokumental honek asmo bikoitza du: batetik, 23 urteko gazte hau zein zen eta gertakariok nola jazo ziren ezagutarazi nahi du; eta bestetik, Euskal Herrian eta mundu zabalean zentral nuklearren ezarpenaren kontra 70eko eta 80ko hamarkadetan gauzatutako erresistentzia prozesua ulertzen lagundu.
Baina dokumentalak deskribatzen duen errealitatean, Gladys ez zen izan bortizki hil zen pertsona bakarra. Gazte ekologistaren heriotzaren aurretiazko eta ondorengo gertakariak jaso ditu filmeak eta garaiko euskal gizartearen gehiengoa erakarri zuen mugimendu soziala irudikatu du.