Gazteen Antzerki Topaketan izena emateko epea ireki dute
Donostiako 32. Gazteen Antzerki Topaketa prestatzen ari dira dagoeneko, eta parte hartzeko izen-emate epea zabalik dago, hilaren 26ra arte. Gazteen sormen prozesua sustatzea eta euren ekoizpenak zabaltzea du helburu topaketak, eta antzerki talde ez profesionaletako 14 eta 30 urte arteko gazteek eman dezakete izena. 14 eta 18 urte artekoek Junior kategorian hartuko dute parte, eta gainontzekoek Senior kategorian.
Udaleko Gazteria sailak, Donostia Kultural eta Kutxa Kulturren babesarekin antolatzen dute antzerki topaketa, eta maiatzean eta ekainean egingo dute, hiriko hainbat agertokitan: Antzoki Zaharrean, Kontadores Zentroan, Lugaritz Kultur Etxean, Gazteszenan eta Tabakalerako Kutxa Kultur Kluban, hain justu.
Izena emateko, Donostia Gazteriaren webguneko inprimakia bete, eta, euren antzezlanaren argazki esanguratsu batekin batera, gazteria@donostia.eus helbidera bidali behar da. Posta arruntez ere bidali daitezke inprimakia eta argazkia, Donostia Gazteriaren helbidera (Agirre Miramon kalea, 4 20002 Donostia). Topaketako oinarriak udalaren webgunean kontsultatu daitezke.