Koronabirusaren eragin posibleak aztertzeko koordinazio talde bat osatu du Donostiako Udalak
Hainbat neurri hartzen ari da Donostiako Udala, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak koronabirusaren aurrean ezarri ditzakeen erabakien aurrean prest egoteko. Eneko Goiak gaur goizean azaldu duenez, hiriko egoera “normala” da koronabirusari dagokionez, baina “etorri daitekeenaren aurrean prest egoteko”, joan den astean koronabirusaren krisia jorratzeko koordinazio talde bat eratu zuten; besteak beste, Lan Arriskuen Saila, eta Osasun Publikoko saila daude taldean, baita udaleko sail guztietako zuzendariak ere. Hala ere, Goiak argitu du gai honetan “Osasun Sailak agintzen duela”, eta udalari horrek ezartzen dituen erabaki eta neurriak obeditzea dagokiola.
Hirian dagoen afekzio maila baxua dela eta, neurri gutxi batzuk ezarri ditu oraingoz udalak, baina alkateak azaldu du “ardura berezia” jartzen ari direla zaurgarriak diren esparruetan: Gizarte Zerbitzu eta etxez etxeko arreta zerbitzuetan, nagusien erresidentzietan, eta garraio publikoetan. Dbuseko autobus zerbitzuetako garbiketa protokolo “zorrotzagoak” ezarri dituztela jakinarazi du Goiak, eta kiroldegietan ere “adi” daudela gaineratu du. Halaber, hotelen sektoreko ordezkariekin ere harremana dutela azaldu du, egoerari nola aurre egin batera erabakitzeko.
EH Bilduren eskaera
Era berean, EH Bildu oposizioko taldeak ohar bat igarri du gaur, eta koronabirusaren ondorioak aztertzeko Bozeramaile Batzordea deitzeko eskatu du alderdiak. EH Bilduren ustez, koronabirusa eta haren ondorioak osasun publikoaren larrialdi hutsetik haratago doan gaia bihurtzen ari dira: “Larrialdi nazional bihurtzen ari da koronabirusa, eta Donostiari ere dagokio kudeaketa egokia egitea”, adierazi dute oharrean.
EH Bildukoek azaldu dute Donostiako Udala neurriak hartzen hasi dela, eta uste dute iritsi dela momentua “dagoen informazioa partekatzeko, prebentzio neurriak ezartzeko orduan lehentasunak non jartzen ari diren inguruko hausnarketa egiteko eta, azken nean, mezu koherente, adostu eta segurua emateko Donostiako jendarteari”. Horregatik guztiagatik, Reyes Carrerek Bozeramaile Batzordea deitzeko eskatu dio gaur udal gobernuari.