Amaran izandako eraso sexista bat gaitzesteko protesta egin dute
Herritar ugarik egin zuten bat atzo, martxoaren 10ean, Amaran izandako eraso sexista salatzeko protestarekin. Amarako Talde Feministak deitutako elkarretaratzea Easo plazan izan zen, eta Ez Amaran, ez inon! Eraso sexistarik ez! lelodun pankartaren atzean bildu ziren manifestariak.
Ertzaintzak 28 urteko gizon bat atxilotu zuen igande eguerdian Easo plazan, bi emakume eraso izana leporatuta. Plazako aparkalekuan euren autoan sartuta zeuden biktimak, gizonak kopilotuaren atea ireki zuenean, emakumeak sexualki erasotzeko asmoz. Alde egitea lortu zuten biek, segurtasun langileen garitan babestuz. Ertzainak aparkalekura joan ziren, erasotzailea identifikatuz eta atxilotuz, sexu eraso delitua leporatuz.