Desirari buruz hitz egiteko elkartuko dira hainbat alorretako emakumeak
Mireia Darder psikologoa eta idazlea, Lide Treku haur eta gazte psikologian aditua, Leire Palacios kazetaria, eta Aitziber Eguskiza gestalt antzerkian aditua izango dira 2020ko Zimentarriren jardunaldietako protagonistak. Gestalt Terapiaren Euskal Elkarteak martxoaren 27an egingo ditu jardunaldiak, Convent Gardenen; 17:00etan hasiko da solasaldia, eta entzuleei antolatzaileek hamar minutu lehenago joateko eskaria luzatu diete, “jardunaldiak orduan hasteko”.
Era berean, izen ematea egiteko gomendatu dute, soilik 100 pertsonentzako lekua egongo delako; honako estekan dagoen galdetegia bete behar da horretarako.
Aurten, desiraren inguruan mintzatuko dira solasaldiko partaideak, bakoitza bere alor eta ikuspuntutik: Mireia Darderrek Nacidas para el placer mintzaldia egingo du; Lide Trekuren hitzaldiaren izena da El juego como expresion del deseo en la infancia; Leire Palaciosenak, aldiz, La cultura del deseo izena du; eta, azkenik, Aitziber Eguskizak Antzerki terapeutiko feminista: desiraren boterea hitzaldia egingo du. Bukaeran, Amaia Agirre bertsolariak hainbat bertso kantatuko ditu.