Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa abiatu du Gure Eskuk, eragile sozial ugarirekin batera
Gure Esku plataformak, Euskal Herriko beste eragile ugarirekin batera, erreferendum bat egitearen aldeko sinadura bilketa jarri du abian. Gaur aurkeztu dute Hamaika Gara egitasmoa Tabakaleran, eta han izan dira Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu plataformaren bozeramaileak, baita babesa adierazi duten eragileetako ordezkariak ere. Guztien izenean hitz egin dute Lumagorri LGTBI kolektiboko Amets Martinez de Hereditak, eta Gaur Geroa pentsiodunen plataformako Maite Arregik. Sinatzeko aukera zabalik dela jakinarazi dute, Hamaikagara.eus atarian.
“Argi dugu ‘Hamaika Gara’ ekimena gure bidean mugarri izango dela”, adierazi dute Alvarezek eta Etxaburuk ekitaldi hasieran. Era berean, azpimarratu dute Elkargunea deitu duten elkarlanerako espazio berri bat osatu dutela, eta “ateak zabalik” daudela herri ekimenarekin bat egin nahi duen eragile ororentzat. Gainera, eskaera bana entregatuko dituzte udazkenean Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan, estatus politikoari buruz erabakitzeko tresnak eskatzeko. Hala ere, honakoa argi utzi dute: “Erantzuna bat ala bestea izan, herritarrok gure bidean aurrera egingo dugu. Arduraz jokatuko dugu”.
Honakoak dira, oraingoz, egitasmoa sustatuko duten eragileak: AEK, ANC Euskal Herria, Bilgune Feminista, Demokrazia Bai, Euskal Herrian Euskaraz, EHNE, Euskal Herria Kirola, Erabakizaleak, Ernai, ESK, Etxalde, Etxerat, Gaur Geroa, Gure Esku, Hiru, Ikastolen Elkartea, Kontseilua, LAB, Lumagorri, Nor, Olatu Koop, Oneka, Sare eta Steilas.
Bozeramaileek adierazi dutenez, Hamaika Gara sinadura bilketa masibo bat izango dela sinetsita daude. Gaineratu dute ez dela sinadura bilketa soil bat izango: aldi berean, “mota guztietako ekintza eta mobilizazioak” iragarri dituzte 2020ko udaberrirako. Oraingoz, bi hitzordu aurreratu dituzte: maiatzaren 16an Durangon “mobilizazio egun handi bat”, eta ekainaren 13an ‘Hamaika Gara eguna’ Euskal Herriko herrietan. “Ekintza kolektibo masibo bat eramango dugu aurrera, herritarron konpromisoak pilatu eta urrats eraginkorrak egiteko”, gaineratu dute.
Horregatik, sinadura bilketak oinarri izango duen manifestuan, sinatzaileek burujabetzarako bidean euren borondatea eta konpromisoa adieraziko dute. Eta, era berean, tokian toki hala erabakita, eskaera zehatzak bideratuko zaizkie Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroako Parlamentuari, Eskaera Eskubidearen bidez. Argi utzi dute, hori bai: “erantzuna bat ala bestea izan, herritarrok gure bidean aurrera egingo dugu. Arduraz jokatuko dugu”.
Sinadura bilketa nagusiki digitalki sustatuko dute, eta egitasmoaren oinarriak jaso eta zabaltzeko, manifestu bat idatzi dute: “Sinatzaileek burujabetzarako bidean euren borondatea eta konpromisoa adieraziko dute”, azaldu dute. Dagoeneko zabalik da modu digitalean sinatzeko aukera, eta laster aukera egongo da paperean ere egiteko, herrietako taldeen bidez.
Gainera, emandako atxikimendua kalean adierazteko modu bat asmatu dute: eskumuturreko bat. Azaldu dute helburu bikoitza dutela eskumuturrekoek: batetik, “kanpaina indartzea sinatzaileek konpromisoa kalean adieraziz” eta, bestetik, ekimena finantzatzea. Herrietako taldeen bidez eta online dendan eskuratu ahalko dira datozen egunetatik aurrera.