Espainiako Futbol Kopako finala atzeratuko dute
Realaren eta Athleticen arteko finala ez da apirilaren 18an jokatuko, koronabirusaren krisiaren ondorioz. Hurrengo astean finkatuko dute data berria.
Espainiako gizonezkoen Futbol Errege Kopa apirilaren 18an larunbatean jokatzekoa zen, Sevillako La Cartuja estadioan. Koronabirusaren krisia dela eta, eguna aldatzea erabaki dute Federazioko presidenteak eta Reala eta Athleticeko presidenteek egindako bilera batean.
Ateak itxita jokatzeko aukera alde batera utzi dute hiru aldeek, zaleentzat “festa handia” delako. Hurrengo astean erabakiko dute noiz egingo duten finala, krisiak nola aurrera egiten duen arabera.
Egoitza La Cartujan mantenduko dela ziurtatu dute. Sevillara 80.000 zale inguru bertaratzekoak zirela uste dute, batzuk sarrera gabe ere.