Hika hitz egiten ikasteko ikastaro bat antolatu du Bagera elkarteak
Beste urte batzuetan egindako ikastaro bat errepikatuko du aurten Bagera elkarteak: Hitano ikastaroa. Maiatzaren 7tik ekainaren 11ra hika hitz egiten ikasteko bederatzi orduko ikastaro praktikoa antolatu dute Bagerakoek, eta, guztira, sei saiotan egingo dute.
Ikastaroa euskaraz zuka dakien edozein pertsonarentzat izango da, baita “hika ez dakien, zeozer dakien edo toka edo noka bakarrik” dakienarentzat. Egingo dituzten sei saioak hika praktikatzera bideratuko dira saioak, eta lehen egunetik emango diote garrantzia horri. Antolatzaileek azaldu dutenez, binakako “hika elkarrizketatxoak” izango dira saioen ardatz, eta eguneroko harremanetan erabiltzen diren aditz-formetara joko dute, batik bat.
Xabier Eizagirre Landa, IRALEko euskara irakaslea, izango da saioen gidaria, eta jakinarazi dute hika bere osotasunean landuko dutela saioetan: noka neskari, eta, toka mutilari. “Hitano batuko aditz-formetara joko dugu, batez ere, baina Beterriko adizkerak ere txertatuz, komeni den neurrian”, azaldu dute Bagerakoek.
Saioak ordu eta erdikoak izango dira, ostegunetan, 18:30etik 20:00etara; honako egunetan izango dira sei saioak: maiatzak 7, 14, 21, 28 eta ekainak 4, 11. Ikastaroaren prezioa 25 eurokoa izango da, eta Bagerakideek 20 euro ordaindu beharko dituzte.
Izen ematea beharrezkoa dela jakinarazi dute, eta epea apirilaren 30ean amaituko da. Bageraren webgunean aurkitu daiteke izena emateko galdetegia.