Atzeratu egin dituzte datozen egunetarako deitutako hainbat mobilizazio
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak, tutoretzapekoak izandako gazte atzerritarrek eta Donostiako Asanblada Feministak mobilizazioak deitu ditu datozen egunetarako; denak bertan behera utzi dituzte. Errefuxiatuen eskubideen aldeko taldeak Europa erruduna lelopean, larunbaterako zeukan deituta manifestazio bat, baina sare sozialetan adierazi dutenez, atzeratu egingo dute protesta. Euskal Herriko hainbat hiritan egin behar zituzten mobilizazioak, eta azaldu dutenez, aurrerago jakinaraziko dituzte data berriak.
Era berean, Donostiako Asanblada Feministak, Abanton (Bizkaia) hildako bi emakumeren erailketa salatzeko elkarretaratzera deitu du ostiralerako, Euskal Herriko Mundu Martxaren protokoloa jarraituz. Hala ere, protesta bertan behera uztea erabaki dute, eta gertakaria salatzeko kaleetan pankartak jartzeko deia zabaldu dute. Honakoa adierazi dute sareetan: “Osasun krisi honen aurrean, ardura kolektiboz, bertan behera uzten ditugu elkarretaratzeak. Hala ere, azken erailketa matxistei erantzuteko ohiko lekuetan pankartak jarri eta sareetan ikusgarri egingo dugu indarkeria matxista eguneroko pandemia bat dela”.
Azkenik, 18 urte bete dituzten, eta tutoretzapekoak izandako gipuzkoar gazte atzerritarren kolektiboak elkarretaratzera deitu du biharko; besteak bezala, bertan behera utzi dute.
Era berean, Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak abiatu berri duen Hamaika Gara egitasmoa aurkezteko ekitaldiak egin behar zituen Donostiako auzoetan, baina horiek ere ez dituzte egingo.
Bi urte badira pentsiodunak kalera ateratzen hasi zirela, pentsio duinak eskatzeko. Ez dute etenik egin haien protestetan, orain arte. Gaur jakinarazi dute apirilaren 20 arte eten egingo dituztela protestak, koronabirusagatik.