Errausketa eta klima-aldaketaren aurkako borroka bateraezinak direla ondorioztatu du Europako Batasunak
Europar Batasunak argitaratu berri duen Taxonomia txostenak ondorioztatu du errausketa eta Waste-to-energy (Hondakinetatik energiara) ereduan oinarritzen diren gainerako jarduerak klima aldaketaren aurkako borrokarekin bateraezinak direla. Zero Zabor plataformak eman du albistearen berri, eta aditzera emandakoak Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari politikoek hainbatetan esandakoak gezurtatzen ditu.
Txostenak hondakinen errausketak ingurumenean izan ditzakeen eragin kaltegarriak nabarmentzen ditu besteak beste, eta Zero Waste Europe plataformak “poztasunez” jaso du albistea, “batasunaren etorkizuneko ekintza klimatikorako eta inbertsio jasangarrietarako aurrekari garrantzitsu bat” dela azpimarratuz. Dokumentuak 590 orri ditu, eta, horietan, hainbat adituk ingurumenarekiko jasangarriak diren jarduera ekonomikoen sailkapen sistema bat osatu dute, errausketa, ikatza eta energia nuklearra zerrendatik kanpo utziz.
Adituen iritziz, gaur egun Europan errausten diren hondakinen zati handi bat birziklatu egin daiteke, eta, gainera, errausketak kalte egiten die ekonomia zirkularraren ingurumen helburuei. Arrazoi horiengatik, txostenaren egileek ondorioztatu dute errausketak “blokeoak” eragiten dituela Europako legeria gidatzen duten Parisko Akordioak eta Garapen Iraunkorreko Helburuek markatutako bidean.