Eta askatasunaren ordua iritsi zen
‘The hour of liberation has arrived’
Zuzendaria: Heiny Srour
Urtea: 1974
Herrialdea: Ingalaterra, Libano, Frantzia
The hour of liberation has arrived (1974) filmak Arabiar Golkoa askatzeko Fronte Popularraren borroka antikoloniala kontatzen du, eta Arabiako historiaren iraultza pasarte honen ikus-entzunezko dokumentu bakarra da. Altxor izugarria. Hain da baliotsua film hau non Heiny Srour, zuzendaria, Cannes Zinemaldian hautatua izan zen. Canessen parte hartzen zuen lehen emakume zinemagile Arabiarra izan zen, hain zuzen. Eta ez da harritzekoa, filmaren aurkezpenak dioen bezala, «lehen aldiz Ekialde Ertainean, isilarazi zituzten herritarrek ahotsa izango zuten» eta filmari esker, ikusleok gertatutakoa ikusi eta beraien hitzak entzuteko aukera dugu egun.
Pantaila beltza dagoela emango dio hasiera Srourrek filmari, tiro eta leherketa soinuak bakarrik entzun daitezkeela. Gerrillak Inperio Britaniarraren aurka abesten duen kanta aldarrikatzaile batek emango dio jarraipena – «Negoziatzeko bide bakarra negoziazio armatua da» dio kanta horrek– ikusleari gertatutakoa hitzetan kontatzen diola.
Historiaren lerro nagusiak: Armada Britaniarrak, Golfoko monarkiak eta sultanek botere politikoa zuten petrolio eta leialtasun truke. Horregatik, kolonialismoari ezin politika hutsaren medio aurre egin. Iraultza aukera bakarra zirudien. 1965. urtean Arabiar Golkoa askatzeko Fronte Popularrak borroka armatuari ekin zion. Eta 1968. urtetik aurrera erradikalizatu ere, Oman sultanerriaren herena askatu, erreforma sozialak sustatu eta sozialismo laiko demokratiko feminista ezarriz. Gainera, lurra eta ura kolektibizatu ziren eta hezkuntza-sisteman berdintasuna ezarri zen. Hauxe izan zen, hain zuzen, bultzatu zuten erreforma sozial aurreratuena: gizonezkoen eta emakumezkoen arteko bereizketak bertan behera uztea.
Dokumentalak estruktura narratiboa badu ere baliabide desberdin ugari erabiltzen ditu ikuspegi osatua eskaintzeko. Testuinguru historikoa off-eko ahots batek azalduko du berreskuratutako ezohiko artxiboko irudiak erakusten dizkigun aldi berean. Eta herritarren matxinada protagonistek (nekazari, langile, ikasle eta gudariek) lehen eskutik kontatuko dute.
Srour eta bere taldeak 800km-ko bidaia egin zuten, Royal Air Force-ren bonbardaketa saihestuz, gerra-eremura iritsi eta kamara eskuan gertakariak gertutik filmatzeko. Eta horrela, irudi harrigarriak eskaintzen ditu filmak: haurrak kalashnikov-a beso azpian dutela ikasten, askatasunaren aldeko manifestazioak bai Arabian bai Britaina Handian, etab. Eta iraultzaren alderdi politikoa, kulturala, generokoa, eta ekonomikoa ere mahai-gaineratuko ditu.
Heiny Srour (Beirut, 1945) 70. hamarkadako Third Cinema Movementeko zinemagile garrantzitsuenetako bat da eta bere lanak iraultzetan emakume arabiarren eginkizuna aztertu ohi dute. Tamalez, bere lehen filma –Bread of our mountain (1968)– Libanoko gerra zibilean galdu zen baina, hasieran aipatu dudan bezala, bigarrena –The hour of liberation has arrived (1974)– Cannes Zinemaldian aurkeztea lortu zuen. Geroztik aukera gutxi egon dira film hau pantaila handian ikusteko eta, bihar, hilaren 13an, Donostian (Tabakaleran, 19:00etan) ikusteko aukera dugu, Hasieratik. Zinema Feministaren Historiak egitarauaren barnean.