EAEko ikastetxe guztiak itxi egingo dituzte ostiraletik aurrera, koronabirusa dela eta
Araban egin zuten moduan, Gipuzkoako eta Bizkaiko ikastetxe guztiak ixteko erabakia hartu du Eusko Jaurlaritzak, baita Donostiakoak ere, noski. Erabakia ofiziala da, eta Nekane Murga Osasun sailburuak azaldu duenez, bihartik, martxoaren 13tik aurrera egingo dituzte itxierak, baita haur eskoletan ere. Bi astez egongo dira itxita zentro guztiak, martxoaren 27ra arte, hain zuzen. Era berean, irteerak bertan behera uztea gomendatu dute, eta ikastetxeetako langileek euren ohiko ordutegian egingo dute lan.
Kasu hauetan, aiton-amonak izaten dira haurren zaintzaz arduratzen direnak, gehienetan, baina koronabirusak adineko pertsonengan duenez eragin gehien, zalantzan jartzen du hori. Horregatik, gurasoek egin beharko dituzte zaintza lan horiek, eta, beraz, gainontzeko sektoreei ere eragingo die haurren etxeratzeak. Hain zuzen, sindikatuek adierazi dute haurren zaintzarako neurriak hartu beharko liratekeela.