Udalak hainbat zerbitzu bertan behera utzi ditu koronabirusarengatik
Udalak CVID-19 birusaren hedapena mugatzeko hainbat neurri hartuko ditu ostiraletik aurrera, Eusko Jaurlaritzak azken orduetan eginiko gomendioak jarraituta. Neurriak, batik bat, udal zerbitzuen itxieretan oinarritzen dira, ohiko funtzionamendura bueltatzeko eperik zehaztu gabe.
Jakinarazitakoaren arabera, Udalaren Musika eta Dantza Eskola, haur-liburutegiak, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxea, haurtxokoak, gaztelekuak eta Kontadores Gazte Zentroa itxita egongo dira datozen egunetan. Era berean, Gazteria sailak abian dituen programak ere bertan behera geratu dira (haurdunaldi eta haziera taldeak, Kontadoreseko laborategien izen ematea eta zerbitzu horren udaberriko laborategiak), eta Haurrak beti jolasean eta Parketarrak programen eten egin dituzte.
Herritarren arreta zerbitzua
Horrez gain, udalak adierazi du datozen egunetan Udalinfo zerbitzua Easo kaleko 41. zenbakiko bulegoetan kontzentratuko dela, eta baita Arroka plazako bulegoak itxi egingo direla ere. Era berean, Morlans eta Altzako bulegoek zerbitzua eskainiko dutela jakinarazi du.
Hiru bulegoetako arreta goizez bakarrik eskainiko da, 9:00etatik 14:00etara, baina, “ahal den neurrian”, eskaerak bide telematikoak edo telefonikoak erabiliz egiteko eskatu die udalak herritarrei.
Erabaki hauen helburua osasun publikoko neurriak bermatzea dela gogoratu du udalak informazio hauen berri emateko zabaldu duen oharrean.