Zazpi herritarrek orotara 2.800 euroko isuna jaso dute, pankarta bat jartzeagatik

Donostiako zazpi herritarrek orotara 2.800 euroko isuna jaso dute, iazko irailaren 15ean –estropada eguna– Kontxan 47ak Herrian zioen pankarta jartzeagatik. Zazpi laguni, bakoitzari 400 euroko isuna jarri die Donostiako Udalak. Egun berean, Alde Zaharrean 30 urtez euskal presoen aldeko materiala kalean saldu ohi duten bi pertsonari 200 euroko isuna jarri zien Udaltzaingoak. Agerraldia iragarri dute martxoaren 21erako.
Piztu Donostiak salatu du euskal presoekiko elkartasuna ardatz duten bi ekimeni isuna jarri ziela Donostiako Udalak iazko estropadetako bigarren igandean. “Euskal presoekiko elkartasunaren aurkako eraso” gisa kalifikatu ditu.
Irailaren 15ean, Ertzaintzak Kontxako barandan ’47ak Herrian’ zioen pankarta erraldoia jartzea egotzita, zapi pertsona identifikatu zituen. Sei hilabete beranduago iritsi zaie sorpresa: 400 euroko isuna bakoitzari, orotara 2.800 euro. Hamabost eguneko epean ordainduz gero, erdia.
Donostiako Udalak bidali die isuna, Udal Ordenantzaren 42. artikulua arrazoi hartuta. Bertan debekatzen da hirian kartelak, pegatinak, pankartak eta abar jartzea. Piztu Donostia kanpainak ordenantza hori Mozal Ordenantza gisa bataiatu berri du eta “zentsura politikoa” bilatzen duela salatu.
Lander Arbelaitz Mitxelena kazetariak idatzi du albistea, eta osorik irakurri daiteke Argia.eus webgunean.