"Argazkiak egiteko garaian, formatuarekin hitz egiten saiatzen naiz, eta, elkarrizketa horretatik, kontakizun bat sortzen dut"
Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatua da Nagore Legarreta (Hernani, 1981), eta betidanik izan du argazkilaritza artistikoa egiteko grina. Kamerak eskuz egiten ditu, eta hainbat proiektu ditu buruan.
Zergatik aukeratu duzu Bolboa Gastronomia taberna?
2019ko irailean etorri nintzen Egiara bizitzera, taberna hau irekitzeko prozesuan zegoenean. Auzoan harrera egin didan leku bat da, jende berria ezagutu dut hemen, eta askotan etortzen naiz pote bat hartzera. Oasi txiki bat da.
Hernanikoa zara berez, ezta?
Hernanin jaio nintzen eta han bizi nintzen Egiara etorri arte. Ereñotzu auzoan egon nintzen bizitzen hamar urtez, mendi puntan, baina erabaki nuen bizitza urbanoago bat probatu nahi nuela.
Han bizi nintzenean ere asko etortzen nintzen Egiara, sormenarekin lotutako jende asko dagoelako. Gainera, musikazalea izan naiz beti, eta hemen Le Bukowski dago. Konturatu naiz urteen poderioz jende asko ezagutu dudala Egian, eta auzo hau katu bizitza hori egiteko oso ondo dagoela iruditzen zait.
Argazkilaritza estenopeikoaren ikastaro baten harira hasi zinen argazkiak egiten. Zer da hori?
Ikasketak bukatu eta berehala, kazetari lanetan ibili nintzen sei urtez Hernaniko Kronikan, eta orduan hartu nuen kamera. Era informatiboan hartu nuen kamera, baina nik oso argi neukan beste errealitate batzuekin konektatzen zen mundu bat neukala buruan.
Lana utzi baino hilabete batzuk lehenago, ontziekin argazki kamerak egiteko ikastaro bat egin nuen. Sekulako balentria ematen du horrek, baina oso sinplea da: lata bati zulo bat egiten diozu, zulo horretatik argi izpi bat sartzen da eta latari paper fotografikoa jartzen diozu barrutik, ilunpetan. Argiarekiko sentikorra da paper hori, eta kameraren barruan sortzen den irudia jasotzen du. Horrek, argazkilaritza primitiboaren eta haren estetika inperfektuaren mundua ireki zidan.
Askotariko kamerak egin dituzu: pospolo kaxa batekin, atun ontziekin, eta abar. Nola okurritzen zaizu material horiekin kamerak egitea?
Gauza batek bestera eramaten nau. Ontziena, lehenengo aukera izan zen, hala erakutsi zigutelako ikastaroan. Zulo bakarreko ontziekin hasi nintzen, baina gero, norbaitek bost kiloko atun lata bat oparitu zidan, eta lagunek esan zidaten lata horri lau zulo egiteko, probatzeko, horrela argazkiak gainjartzen direlako. Horrela sortu zen Hysteron proiektua. Ondoren, bidaiatzen hasi nintzen, baina nekatuta nengoen paper fotografikoa aldiro aldatzeaz. Horregatik, bila hasi nintzen, eta Interneten ikusi nuen karrete bat jartzea bazegoela pospolo kaxekin argazki kamerak eginda. Beraz, argazki asko egin nitzakeen.
Bestalde, aita beti izan dut ondoan, eta nire Bakterio irakasle pertsonala da. Asko hitz egiten dugu, eta elkarrekin gaudenean segituan hasten gara papera eta boligrafoarekin marrazten, ideia berriak sortzen. Pospolo kaxa erabili ondoren, Emauseko Traperoetan euro batean erositako plastikozko kamera zahar bat moldatu genuen, objektiboa estenopeikoa izan zedin. Kamera horrekin oso gustura nabil. Azkenaldian, ordea, argazkia jasotzen duen aldearekin lan egiten nabil.
Nola da hori?
Duela bi urte Kanarietara joan nintzen, Ricardo Montes de Oca pintore eta argazkilariaren estudiora, eta han bi negu pasa ditut. Argazkiak eskuz positibatzearekiko maitasuna kutsatu zidan, eta emultsioa ere probatzea okurritu zitzaidan. Urtzen duzun gelatina bat edozein superfizieri ematea da emultsioa, eta argazkiak jasotzeko gaitasuna dauka gelatina horrek.
Indian argazki ugari egin zenituen pospolo kaxekin, ezta?
Bai, erakusketa hori Tabakaleran egon da, eta orain Hernanin dago ikusgai. Argazkilariok argiarekin egiten dugu lan, eta argazkilaritza primitiboa, niretzat, argiaren ezaugarriak ezagutzeko master bat izan da. Munduko toki bakoitzeko argiak bere ezaugarriak ditu, baina Indian egin nituen argazkiak oso kolore bizikoak dira, kolore horiek hemen lortzea oso zaila delako.
Argazkiak laborategian errebelatzen dituzu soilik?
Ez daukat konplexurik gauza guztiak nahasteko. Nire ibilbidearen lehenengo zatian gehiago zentratzen nintzen kamerak sortzeko prozesuan. Orain, ordea, garrantzia ematen hasi naiz argazkiak eskuz positibatzeari: posible da analogikoki hastea eta digitalean bukatzea, posible da analogikoki hasi eta bukatzea, eta posible da irudi digital bat analogikora pasatzea.
Zein helbururekin egiten duzu lan?
Jazz musikariek esaten dute lehenbizi estruktura bat osatu behar dela, horren gainean inprobisatzeko. Bide horri jarraituta, konturatu naiz formatuak estruktura bat ematen didala, hau da, erabakitzea zein kamera, zein argi eta zein teknika erabiliko dudan. Ondoren, argazkiak egiteko garaian, formatuarekin hitz egiten saiatzen naiz, eta, elkarrizketa horretatik, kontakizun bat sortzen dut.
Zer erreakzio sortzen dituzte zure argazkiek jendearengan?
Ikuslearen arabera. Batzuk ez dira eroso sentitzen kontrol eta zehaztasun falta horrekin, baina beste batzuontzat erakargarriak dira horrelako gauza ez zehatzak, poetikoak eta magiarekin lotutakoak.
Ikastaroak ere ematen dituzu?
Gezurra badirudi ere, argazki kamera digitalekin argazkiak zuzen egiteko klaseak ematen hasi nintzen, eta oraindik ematen ditut, Hernaniko kultur etxean. Ondoren, ikastaro desberdinak eman izan ditut, argazki proiektuak garatzeko Txondorrako ikastaroa, besteak beste.
Orain, gero eta enkargu gehiago etortzen ari zaizkit. Beraz, ikastaroak astero egin ordez, puntualki egiten hasi naiz.
Pelax taldearen azken diskoan parte hartu zenuen, ezta?
Niretzat, luxu bat da disko baten artelanarekiko horrenbesteko mimoarekin eta sortzaileekiko horrenbesteko errespetuz lan egiten duten musikariekin aritzea. Pelaxek alde hori asko zaintzen du, eta gurekiko errespetu handiz egiten dute lan. Urte batean lau aldeko disko bikoitz bat atera dute, eta Iñaki Rifaterrak eta biok egin ditugu kartela eta diskoetako irudiak. Taldearen parte sentiarazi gaituzte hasieratik, eta Gazteszenan egin genuen emanaldian, inprobisazio bat egin genuen, mihise baten gainean margotuz eta irudiak proiektatuz.
Zer daukazu esku artean?
Enkargu urtea izaten ari da niretzat, dei oso interesgarriak jaso ditudalako. Garrantzitsuena, segur aski, Astigarragan inauguratuko duten Emakumeen plazakoa izango da. 33 metro linealeko kristal baten gainean joango den egitura handi bat egingo dute han, eta horma irudi bat egin behar dut, kristal horren gainean serigrafiatzeko. Gorputz errealekin egin nahi dugu irudia, eta 240 emakumek eman dute izena dagoeneko. Hurrengo urtera begira, gustatuko litzaidake espazio bat antolatzea emultsio bidezko pieza horiekin lan egiteko.
HAMABIETAN BERMUTA: Ardo zuria eta ogi-mamiak.
Non. Bolboa Gastronomia taberna. Ametzagaña kalea, 25 baxua (Egia).
Prezioa. 2,70 euro.