Bizilagunak hari batean utzi dituen akordioa
Azora putre funtsak Donostian egin berri duen operazioak alarma guztiak piztu ditu.
Izan ere, higiezinen inbertsioak egiten dituen enpresa erraldoiak Inmobiliaria Vascongada agentzia donostiarra erosi du, haren jabetzakoak ziren hiriko 300 etxebizitza bereganatuz eta hor bizi diren herritarren etorkizuna ezbaian jarriz.
Azora enpresaren etorrerak hautsak harrotu ditu hirian. Krisi ekonomikoaren eztandaz geroztik, putre funtsek hiritarren egunerokotasunetik urrun egin dute hegan, baina hori behin betiko aldatu da azken hilabeteetan.
Blackstone funts estatubatuarra izan zen Donostian muturra sartu zuen lehena, babes ofizialekoak ziren Bentaberriko 510 etxebizitzaren erosketarekin. Horko bizilagunek, atzaparrak sentitu bezain pronto, auzoa bizirik eta borrokarako prest dagoela erakutsi zuten, baina horrek, oraingoz, ez du mehatxua uxatu; areago, badirudi putre handiaren hegaldiak sarraskijale gehiago erakarri dituela lurraldera.
Azora funts espainola Inmobiliaria Vascongada enpresaren eskutik heldu zen Donostiara, ordurako agerikoa zen sekretua otsailean azaleratuz: inbertsio funtsak enpresa donostiarra erosi du, eta operazio horrekin, haren jabetzakoak ziren hiriko higiezin ugari bereganatu ditu.
Akordioaren zifrak ezkutuan mantendu dituzte bi alderdiek, baina eskualdatu dutena ikusita, hor mugitu den diru kopurua sekulakoa izan dela ondoriozta daiteke: 300 etxebizitza inguru, 50 bat etxabe eta ia 80 garaje, hainbat eraikinetan banaturik.
Gaiarengatik galdetuta, Eneko Goia alkateak berak akordioaren aspektu hori nabarmendu zuen –”Hemengo norbaitek diru asko irabazi du salmentarekin”–, udalak higiezinen merkatu libreari mugak jartzeko gaitasunik ez duela deitoratu aurretik. Salduriko eraikinetan alokairuan bizi diren herritarrek, euren partetik, amaierara arte borrokatzeko konpromisoa hartu dute, jokoan dagoena haien etorkizuna dela ikusita.
Bizilagunek Inmobiliaria Vascongadaren Ijentea kaleko egoitzaren aurrean egin zuten jendaurreko lehen agerraldia, duela hilabete, oihartzun handia izan zuen mezu sendo batekin: ”Etxegabetze arriskuan gaude”. Maizterrek argi dute Azorak operazio honetatik etekin ekonomiko bat atera nahiko duela, eta funtsak haien etxebizitzekin egin dezakeenaren beldur dira, kontratuak berritzeari utzi diolako.
Hain zuzen, erraldoi honen berri izan zutenetik, bizilagunek haren ibilbidea ikertzeari ekin zioten, eta topatu zutenak are gehiago ikaratu zituen: 2013an, Azorak babes ofizialekoak ziren 2.935 etxebizitza erosi zituen Madrilen, eta Kaleratzeak Stop plataformak salatu zuenez, maizterren alokairuak %150eraino igotzera iritsi zen, etxe horiek husteko helburuarekin. Gainera, Badalonan eta Bartzelonan ere praktika espekulatzaileak egin dituela jakin zuten.
Gauzak horrela, panorama beltz agertu zitzaien bizilagunei, baina beraiek argi dute Goliaten aurkako borroka honetan ez direla bakarrik izango. Izan ere, protestan hasi zirenetik, Kaleratzeak Stopeko eta Groseko Auzo Elkarteko kideak alboan izan dituzte, denen artean bizilagun guztientzako irtenbide orokor bat lortzeko konpromisoarekin.
Bizitza proiektuak kolokan
Putre funtsen helburua epe motzean gehienezko etekinak lortzea izan ohi da, eta horrek alokairuaren epe luzerako errentagarritasunarekin talka egiten du, Mario Ioldi Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza zuzendariak Radio Vitorian aitortu zuen moduan: “Ez ditugu putre funtsak nahi, iskanbila sortu dezaketelako”.
Bada, Inmobiliaria Vascongadak salduriko eraikinen kasuan, iskanbila egundokoa da. Izan ere, hor bizi diren herritar askok bizitza proiektu bat eraiki dute etxebizitza horietan. Salatu dutenez, urteetan zehar, higiezinen agentzia bera izan da zen maizterrak epe luzerako aurreikuspenak egitera animatu dituena, bere apustua haien alokairuak etengabe berritzekoa omen zelako. Inmobiliaria Vascongadak hamarkadatan zehar mantendu du dinamika hori, eta bizilagunak horretara egokitu dira.
Egoera horretan, haietako askok inbertsio garrantzitsuak egin zituzten etxebizitzetan, eraberritze lanak burutuz eta altzariak eta etxetresna elektrikoak erosiz. Gainera, urte hauetan, eraikinaren konponketa lanak ere maizterren kontura ordaindu direla azaldu dute.
Errentatzaileak eta errentariek orain arte izan duten harreman hori kontuan hartuta, alokairuaren egonkortasuna mantentzea ezinbestekoa dela uste du Rosa Garciak, Kaleratzeak Stop plataformako bozeramaileak: “Etxebizitzaren aldeko borroka bat da: bizilagunak haien bizitza proiektua eta hor bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzen ari dira”.
Bizilagunek ordaintzen dituzten alokairuak merkatukoen parekoak diren heinean, horiek etxeetatik kanporatzea lekuz kanpo dagoela azpimarratu du Garciak, etxebizitzaren funtzio soziala nabarmenduz: “Azorak erosi dituen eraikin gehienak Grosen daude, eta jaurlaritzak urrian argitaratu zuen Alokairu-merkatuaren Taula begiratzen badugu, ikusi dezakegu horko biztanleek ordaintzen dituzten kopuruak auzoko prezioetara egokituta daudela”.
Zer eskatzen dute bizilagunek?
Jabe berriarekin ere euren etxeetan jarraitu nahi duten bizilagunek orain arte izan duten egonkortasun bera mantentzeko eskatu diote Azorari, eta argi utzi dute ez dituztela ez kontratuen eteteak ezta alokairuaren gehiegizko igoerak ere onartuko. Haien ustez, inbertsio funtsak kontratuak automatikoki berritzen jarraitu beharko luke, Inmobiliaria Vascongadak azken hilabeteetara arte egin izan duen moduan, prezioa aldiro merkatuaren errealitatera egokituz.
Rosa Garcia, Kaleratzeak Stopeko bozeramailea
“Etxebizitzaren aldeko borroka bat da: bizilagunak haien bizitza proiektua eta hor bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzen ari dira”
Azorak, bere partetik, iraungitako lau kontratu berritzeko prestutasuna agertu die bizilagunei –azarotik hona, gutxienez hamar iraungi dira–, baina ez ditu horien baldintzak zehaztu. Berez, jabeak joan den asteko bilera batean azaldu behar zizken proposamenaren nondik norakoak, baina zenbait dokumentu oraindik jaso gabe zituela argudiatuz, bilera aste honetara atzeratu zuen. [IRUTXULOKO HITZAk jakin duenez, egunotan, bizilagunak etxebizitzen jabearekin bildu dira; bileran hitz egindakoak, ordea, datorren astean jakinaraziko dituzte].
Momentuz, bizilagunek mesfidantzaz jaso dute proposamena, eta kontratuen berritzea euren etxeetan jarraitu nahi duten maizter guztiei eskaini behar zaiela defendatu dute. Izan ere, lau kontratu horiek berrituz, funts putreak bere asmoak zuritzea eta gaiak sortu duen zalaparta soziala baretzea bilatzen duela susmatzen dute.
Kontratu berriei dagokienez, haien eskaera bi puntutan oinarritu dute. Batetik, hiri errentamenduen legeak zehazten duena kontuan hartuta, sinaturiko kontratu berriek zazpi urtekoak izan behar direla diote. Eta, bestetik, kontratu berriei ezarritako igoerak KPIaren araberakoak izatea exijitzen dute.
Arazoa “orokorra” da, eta ez soilik kaltetuena
Gaur egun Donostian alokairuan dauden etxebizitza nagusien kopurua zein den zehaztea zaila da, udalak aurkeztu dituen azkenengo datuak 2011koak direlako [2018ko Udal Etxebizitza Planaren diagnostiko txostenean]. Urte horretan, alokairuan zegoen etxebizitza parkea %14koa zen, baina jasotako azken joeren arabera, geroztik zifra hori hazi egin dela aurreikusi daiteke. Hala ere, etxebizitza jabetzan dutenekin alderatuta, hirian alokairuan bizi diren pertsonen kopuruak mugatua izaten jarraitzen du.
Garciaren ustez, ordea, horrek ez du putre funtsen fenomenoa erlatibizatzera eraman behar: ”Presente izan behar dugu Azorak eta Blackstonek erositako eraikinetako bizilagunei gertatu zaiena hirian alokairuan bizi den beste edonori gerta dakiokeela, eta horrek erakusten digu arazoa orokorra dela”.
Zentzu horretan, kontratu mugagabea duten bizilagunak ere arriskuan egon daitezkeela uste dute bizilagunek, funts putreak kontratua apurtzeagatik ordaindu beharko lituzkeen indemnizazioak harentzako txikiak izango liratekeela azpimarratuz. Hala izanez gero, erositako eraikinak guztiz husteko aukera eskura izango luke Azorak.
Baina, hortik harago, funts putreen esku hartzeek hiritar guztiek pairatuko lituzketen ondorioak eragin ditzakeela nabarmendu du Kaleratzeak Stopeko bozeramaileak: “Azoraren moduko enpresek ez dituzte etxebizitza solteak erosten, bloke osoak baizik, eta horrek eragin zuzena du inguruko etxebizitzen prezioetan ere. Izan ere, funts hauek negozioa epe laburrean egitea bilatzen dute, eta sustatzen duten espekulazioak herritar guztiei eragiten die”. Horregatik, plataformak herritarren interes orokorra “kapital handiaren aurka” defendatzen laguntzeko eskaria egin dio gizarteari: “Gure alde eduki ditzakegun gauza bakarrak babes sozial eta instituzionala dira”.