"Bizitza osoa daramagu hemen, ezin gaituzte gure etxeetatik bota"
Azorak hiru eraikin erosi ditu Amarako Osasun Iturria kalean; guztira, 50 etxebizitza baino gehiago dira. Maria Isabel Martinez kale horretan hazi zen, eta orain bertako etxe batean bizi da, bere anaia bezala. Inbertsio funtsa haien eraikinen jabe bilakatu dela jakiteak kezka handia sortu die, biak langabezian daudelako eta alokairuaren igoera nabarmen batek zailtasun handiak eragin diezazkiekeelako.
Nola jaso zenuten eraikinaren salmentaren albistea?
Kaleratzeak Stopen bitartez izan genuen gaiaren berri. Higiezinen agentziak ez digu ezer esan. Soilik ohar bat jarri zuten atarian, denak berdin jarraituko zuela eta lasai egon gintezkeela esanez. Hor esan zuten indarrean dauden kontratuak ez direla ukituko, baina ez zuten argitu zer gertatuko den gure etxeekin kontratu horiek amaitzerakoan.
Orain arte zuzenean berritu dituzte.
Berritzea tokatzen zen aldiro KPIaren araberako igoera bat ezartzen ziguten, eta aurrera. Zentzu horretan, hemen gaudenetik egonkortasun bat izan dugu.
Eta, testuinguru horretan, hainbat maizterrek bizi proiektuak eraiki dituzue etxebizitza hauetan.
Noski, eta nik ez daukat nire etxetik alde egiteko inolako asmorik. Etxe hau guztia da niretzat. Ni kale honetan hazi naiz. Nire gurasoak 10. zenbakian bizi dira, eta nire anaiak ere hemen du bere etxea, Azorak erositako beste eraikin batean. Bizitza osoa daramagu hemen, ezin gaituzte gure etxeetatik bota.
Etxean daramazun denboran, hura hobetzeko inbertsioak egin izan al dituzu?
Hona bizitzera sartu nintzenean, leihoak eta balkoia ustelduta zeuden, eta horiez, gain, zorua ere konpondu behar izan nuen. Jabea ez zen horregatik kezkatzen. Sukaldea ere soilik armairu batekin topatu nuen, eta ekipamendu guztia nik jarri behar izan nion, horrek dakarren inbertsioarekin. Konpondu zidaten gauza bakarra komuna izan zen, erabat ustelduta zegoelako, eta horko ura beheko pisura pasatzen ari zelako. Beste guztia, aldiz, gure kontura ordaindu dugu, hor bizi garelako eta bertan jarraitzeko asmoa dugulako.
Azorak hiru eraikin erosi ditu kale honetan. Zer nolako giroa dago bizilagunen artean?
Jendea ez da asko mugitzen ari. Batzuk kanpokoak dira, eta haien partetik ez dugu gaiarekiko interes berezirik ikusi. Beste norabait mugituko direla pentsatzen dut. Beste batzuek, adineko jendeak bereziki, uste dute arazo hau ez doala beraiekin, errenta baxuko kontratu mugagabeak dituztelako. Askok oso argi dute ez dituztela euren etxeetatik joatera behartuko, baina ni ez nago horren ziur.
Bistakoa da zuei gertatu zaizuena beste edonori gerta dakiokeela.
Guk ez genuen halakorik espero, hau iritsi zaigun arte. Hemendik aurrera gertatuko dena ikustear dago, baina guk argi diogu borrokan jarraituko dugula.