Donostiako kultur jarduerak bertan behera
Hainbat prebentzio neurri hartzen ari dira Donostian koronabirusa dela eta, tartean, asteburuko eta hurrengo asteko kultur jarduerak bertan behera uztea. Donostia Kulturak, esaterako, haur eta nerabeentzako programatuta zituen jarduera guztiak bertan behera utzi ditu gaurtik, hilaren 13tik aurrera, baita ekitaldiak jaso behar zituzten gune guztiak itxi ere. Era berean, Tabakalera itxi egingo dute, eraikineko kultur jarduerak bertan behera utziz. Jakinarazi dute zinemako sarreren dirua itzuli egingo dutela, eta Ubik liburutegiko maileguak eraikina zabaltzean itzuli ahalko direla. Kontadores Zentroa ere itxi egingo dute, Udaberriko Laborategietako izen-ematea ere bertan behera utziz.
Bestalde, Gazteszenan egitekoak ziren Mojo Workin’ musika beltzeko jaialdia, Jazzaldiko tokiko taldeen hautaketa prozesuko kontzertuak (martxoaren 28ra artekoak), Doka aretoko asteburuko kontzertuak, Dabadabako emanaldiak (martxoaren 28ra arte) Be Club tabernakoak, Donostiako Orfeoiaren jarduerak eta hiriko areto handi eta txiki gehienetako ikuskizunak ere bertan behera utzi dituzte. Era berean, SADEk jakinarazi du zinema emanaldiak ere ez dituztela egingo, beraz, Principe, Trueba eta Antiguo Berri zinema aretoak itxita egongo dira asteburuan.
Momentuz, neurri horiek guztiak hilaren 29ra arte hartu dituzte. Informazio gehiago eta jardueren data berriak jakin ahala, eguneratzen joango da IRUTXULOKO HITZA.