Donostiako Udalak koronabirusaren aurrean hartutako neurriak iragarri ditu
Honakoak dira neurri batzuk: kultur etxeak, liburutegiak eta kiroldegiak itxiko dituzte; Donostia Kultura eta Tabakalerako jarduerak bertan behera geldituko dira; eta Dbus-eko zerbitzuetan neurri bereziak ezarriko dituzte.
Koronabirusaren aurrean Donostiako Udalak hartutako neurriak iragarri berri ditu Eneko Goia alkateak. “Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdi egoera deklaratu du, ondorioz, Donostiako Udalak ere hainbat neurri hartu ditu, joan den astean abian jarri zen koordinazio taldean hala pentsatuta”, azaldu du Goiak. Halaber, alkateak arduraz jokatzeko deia egin du: “Ezagunak dira Osasun Sailetik eman diren gomendioak, eta denon esku dago horiek arduraz betetzea”.
Udalak eskaintzen dituen zerbitzuak bi multzotan sailkatzea erabaki dute: kritikoak eta ez kritikoak. Lehen multzoak “lehentasuna eta arreta berezia” izango duela adierazi du alkateak, eta horretan egongo dira: Suhiltzaileak, Babes Zibila, Udaltzaingoa, Mugikortasun Sailaren arlo operatiboa, Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuak, Gizarte Zerbitzuak, Hiri Garbitasuneko zerbitzua, Polloe, DonostiaTIK, Udalinfo, etxez etxeko zerbitzua, Abegi etxea eta gaueko aterpea.
Beste multzoari buruz, honako erabakiak hartu ditu udalak:
-
Donostia Kulturako (martxoaren 29ra arte) eta Tabakalerako programazio osoa bertan behera utziko dute 16.00etatik aurrera. Tabakalera itxi egingo dute.
-
Kultur etxe eta udal liburutegi guztiak itxiko dituzte.
-
Udal kiroldegi guztiak itxiko dituzte, eta horietan egiten diren jarduerak bertan behera utziko dituzte, 14.00etatik aurrera.
-
Hiritarren arretarako zerbitzua, Udalinfo, murriztu egingo dute. Aurrez aurreko arreta mantentzea erabaki dutela azaldu du alkateak, baina Morlansko bulegoetan izango da soilik, 9:00etatik 14:00etara bitartean. “Erabat premiazkoak” diren tramiteak egiteko aukera egongo da bulegoan, gainerakoak telematikoki eta 010 arreta telefonora deituta egin beharko dira, 9:00etatik 19:00etara. Neurri honi dagokionez, Goiak honakoa esan du: “Hiritarrei eskatzen diegu zerbitzu horietara ez joateko, premiazkoa ez bada”.
Bestalde, udaletxeko udalbatzar aretoan asteburuan egingo dituzten ezkontzak mantentzea erabaki dute, baina “neurri bereziekin”: ezkontza bakoitzean hamar pertsona bakarrik egon ahalko dira, ezkontideak barne.
Garraio publikoan, Dbusen autobus zerbitzuetan hain zuzen, zerbitzuek bere horretan jarraituko dute, baina hainbat neurri hartuko dituzte bihartik aurrera. Horien artean, lehenengoa izango da autobusetara sarrera erdiko edo atzetik izango dela, ez aurreko atetik. “Erabiltzaileei eskatu nahi diegu ordainketak ez diruz egiteko, ez dira onartuko: Mugi edo kreditu txartel bitartez onartuko da bakarrik”, gaineratu du alkateak. Era berean, aurreko lehen bi eserlekuak ez dira erabilgarri egongo, baina gainerakoak bai.