"Gure bizitza proiektua hemen eraiki dugu"
Eraikinaren salerosketaren mehatxua sumatu bezain pronto, Iñaki Setienek mobilizatzen hasteko beharra helarazi zien Ategorrieta hiribideko gainerako bizilagunei. Beste askok bezala, aurrera begirako inbertsio handiak egin ditu bere etxebizitzan, eta Azora Donostian lurreratu denetik, bere etorkizuna kolokan dagoela uste du.
Zer da etxe hau zuretzako?
Etorkizuna. Gu 2000. urtean etorri ginen hona bizitzera. Hemen aurretik nire emaztearen ama bizi zenez, haren kontratua bi urtez mantendu ziguten, eta gero berri bat egin. Hortik aurrera, gure etxebizitza gisa ikusi genuen, eta erreformak egin genituen: hormak, altzairuak, berogailuak, leihoak… Kuriosoa da: Inmobiliaria Vascongadakoek leihorik onenak jartzea gomendatu ziguten, berez guretzako onura bat izango zirelako. Bada, ikusi orain nola amaitu den istorioa. Inguruko bizilagun askok hamarkadak zeramatzaten hor bizitzen, eta guk erabaki genuen gauza bera egin eta gure bizitza proiektua hemen eraikitzea.
Nola ikusten duzu panorama orain?
Ni jende horretaz ez naiz batere fio, ez ni ez hemengo beste inor ere. Hauek negozioa egitera etorri dira, eta ez dira ‘karitatearen ahizpatxoak’ izango.
Kontratuak berritzen badituzte, igoera nabarmen batekin izango da. Edo, agian, hasieran itxurak mantentzen saiatuko dira, eta lehenago edo beranduago igoerekin hasi. Beste leku batzuetan argi ikusi dugu funts hauek nola jokatzen duten, eta Azorarengandik ez dut besterik espero.
Zer nolako giroa duzue bizilagunen artean?
Kontratu zaharrak dituzten askok uste dute beraiek seguru daudela, eta kezkatuenak kontratu berriak dituzten pertsonak dira. Baina denok arazo berdina dugu. Niri dagokidanez, Grosen hazi naiz, eta garbi daukat ez dudala auzotik alde egin nahi. Eta, gainera, ez nintzateke joan behar. Leku hau nirea da, eta ezin dut onartu kanpoko putre funts bat niregana etortzea non eta nola bizi behar dudan esatera. Hori ezin da horrela izan. Gure hirian ere ezingo al dugu bizi? Hau guztia lotsagarria da. Donostia, martxa honetan, Marbella baino okerragoa izango da azkenean.
Zer egingo zenuke jabeak kontratua ez berritzea edo alokairuaren prezioa asko igotzea erabakiko balu?
Egia esan, ez dakit. Langabezian nago, eta halako zerbait gertatzea sekulako kolpea izango litzateke guretzako. Etorkizunik gabe geratuko ginateke. Garrantzi handiko inbertsioak egin ditugu hemen, eta leihoak eta berogailuak ezin ditut nirekin beste leku batera eraman.
Halako gauza batek 20 edo 30 urterekin harrapatzen bazaitu, agian errazago moldatu zaitezke han edo hemen beste zerbait topatzeko. Baina 60 urte baino gehiagorekin eta hemen bizitza bat igaro duzunean, zer egin dezakezu?