Igeldoko parkea, izabatar baten ideia
Angel Gale Hualde (1861-1941) Nafarroako Izaba herriko seme kutuna izan zen. Enpresari eta ekintzaileak XX. mendean bere herria eraberritzen lagundu zuen, azpiegitura berrien bidez. Bere eraikuntzarik famatuena Igeldo mendiko jolas parkea da, 1914. urtean erosi zuena.
Hiru anaietatik gazteena izan zen Angel Custodio gisa bataiatutako izabatarra. Herriko eskolan ikasi zuen, 16 urterekin Madrilera zerbitzu militarra egiteko deialdia jaso zuen arte. Familiak karrera militarrarekin jarraitzea nahi zuen, baina berak beste plan batzuk zituen buruan.
Derrigorrezko soldadutza amaitzerakoan, Madrilen gelditu zen. Telekomunikazioa ikasi zuen, etaGambra Sanz arkitektoarekin batera, hirigintza proiektu eta ikerketak egiteko enpresa bat sortu zuen. Bitartean, finka administratzaile lanean ibili zen, eta hor irabazitakoa bere enpresan inbertitu zuen.
1895. eta 1911. urteen artean errepide berria iritsi zen Izabara, eta Galek, hori aprobetxatuta, hainbat berrikuntza aurrera eraman zituen: ura herriko iturrietara iristeko finantziazioa jarri zuen, garbitoki eta hiltegi munizipalak eraiki zituen, estolderia zerbitzua egin zuen, komunak eraiki zituen eskoletan, eta abar.
Azpiegiturak ez ezik, Pirineo hotel arrakastatsua ere sortu zuen, beti ere, bere kide Gambra Sanzek diseinatuta. Askok diotenez, Nafarroako hotelik onena izatera iritsi zen, denetarik baitzuen: kasinoa, eta autoen tailerra, besteak beste.
Garraio konpainia bat ere sortu zuen, El Progreso Roncales izenekoa. Uztarroze eta Ledea bitarteko garraioa betetzen zuen, eta motordun autoak erabiltzen zituen lehenetarikoa izan zen. Ledeako zubia eraiki zenean, Iruñeraino ere iritsi zen konpainiaren ibilbidea.
Espainiar Estatura Bigarren Errepublika iritsi zen 1931. urtean, eta Galek bere izaera errepublikarra finkatu zuen. Hala ere, kritikoa izan zen gobernuarekin, Fronte Popularraren garaipenetik etorri zenarekin, batez ere.
36ko gerra hasi zenean, Izaban zegoen, eta han egon zen 1937an armadak bere hotela hartu eta familia kanporatu zuen arte.
Iruñeara joan zen bizitzera guda bukatu arte. Ondoren, Madrilen bizi izan zen bere emaztearekin eta hiru seme-alabekin, 1941ean zendu zen arte.
Bere herriko udalak Izabako seme kutun izendatu zuen, 1911. urtean, herritarrei egindako ekarpenen eta aurrerapenengatik. Plaza bati bere izena jarri zioten bere omenez, eta oraindik kartel batek gogoratzen du herriarengatik egin zuena.
Izabatik Donostiara
Donostiarekin ere harreman handia izan zuen nafarrak: 1914. urtean Igeldo mendiko dorre ospetsua erosi zuen. Bere asmoa turismoko gune bat eraikitzea zen, eta horretarako sortu zuen beste kide batzuekin batera Igeldo Mendia sozietate anonimoa.
Urte horretan bertan eraiki zuten funikularra, jendea gehiago igo zedin. Hurrengo urteetan zehar gaur egun ezagutzen dugun jolas parkeko atrakzio batzuk jartzen hasi ziren, umeentzat, gehienbat.
Negozio berriaren arrakastaren ondorioz, El Progreso Roncales garraio konpainiak beste autobus linea bat gehitu zuen, Iruñeatik Donostiara zihoana. Bere konpetentziak ere, La Roncalesa autobus enpresak, Donostiarako autobus linea berri bat jarri behar izan zuen. Aurrerago, Galek akordio bat sinatu zuen La Roncalesarekin, eta Uztarroze-Donostia eta Iruñea-Donostia lineen esklusibotasuna La Roncalesari eman zion. Gaur egun ere linea horiek ditu La Roncalesak.
Esaten dutenez, 1929. urtearen inguruan, Galek utzi egin zuen Igeldo mendiko proiektua, nahiz eta parkeak gerora ere arrakasta handia izan zuen herritarren artean.