«Izugarria da bezeroek diguten maitasuna»
Jose Mari Iarza
62 urte. M. Yarza burdindegiaren arduraduna.
Aitak, Manuel Iarzak, ireki zuen denda 1958an, eta haren hiru semeek harekin ikasi zuten ofizioa. Aurretik, aitak Grosen izan zuen burdindegi bat: Yale.
Topoz etortzen ziren lanera, Herreratik, baina, azkenean, Amara Berrira etorri ziren bizitzera. Seme zaharrenek erretiroa hartu dute, eta Jose Mari geratu da burdindegian.
Faltan botatzen du kalean jende gehiago ibiltzen zen garaia: «Lehen, bulego, denda eta banku asko zeuden, baita industriarekin lotutako denda eta tailerrak ere. Pentsa, Telefonicako bulegoetan gutxienez 500 langile zeuden! Jende asko ibiltzen zen hara eta hona, mugimendu handia zegoen. Gainera, inguruko betiko denda asko itxi dituzte, oso gutxi geratzen gara. Rex eta Astoria zinemen garaiko giro hura ere desagertu da».
Amaran gustura dago Iartza: «Auzo politagoak daude, baina hau oso erosoa da, erdigunetik gertu dagoelako eta zerbitzu asko dituelako».
Jendeak esaten die ez jubilatzeko, eta asko eskertzen diete egiten duten lana: «Izugarria da bezeroek diguten maitasuna», esan du irribarretsu.
Amazon, saltoki handiak eta bazarrak lehiakide gogorrak direla, eta egoera zaila dela aitortu du, baina argi dauka zein den euren giharra: «Prezioekin ezin dugu lehian ibili. Gure ateak beti zabalik daude denentzat, eta gu beti gaude bezeroei konponbideak emateko prest. Guk irakasten diegu nola erabili behar duten dendan erosten dutena, eta nola konpon ditzaketen etxeko gauzak, informazio asko ematen diegu. Gainera, gaur egun Googleren itzultzailearekin eta telefono mugikorrekin dena errazagoa da, edonori lagun diezaiokegu». Burdindegi txiki baten beste abantaila bat, euren produktuak aleka saltzen dituztela, pakete osoa erosi beharrik gabe.
Azken urteetan asko nabaritu du sukaldaritzari buruzko telebista saioek izan duten eragina: “Argiñanorekin hasi zen dena, eta ondoren, Masterchef-ekin. Sekulako iraultza ekarri dute sukaldeko tresnerian, eta bezeroek gero eta gehiago exijitzen digute”.
Hotel berriak
Bezero fidelenak inguruko bizilagunak dira, eta obraren batean lanean ari diren langileak ere joan ohi dira tresnak eta piezaren bat erostera, baina badituzte bezero gehiago. Bitxikeria moduan kontatu du lehen, autobus geltokia Pio XII.ean zegoenean, maletentzako giltzarrapo asko saltzen zituztela. Eta orain inguruko hoteletako turistek aterkiak erosten dituztela.
Igarotzeko bide bat
«Amara Berrira eta Erdialdera igarotzeko bidea da gune hau». Azken urteetan, ordea, beherakada nabarmena nabaritu du: «Aurreko espaloia zabaltzeko lanak egiten dira, baina uste dugu alde hau itzalean geratu dela, ahazturik». Halere, Morlansko bizilagunekin ingurua apur bat biziberritu dela uste du.
Gehiegizko abiadura
Kale honetako zirkulazioa gutxitzea eta mantsotzea nahiko luke: «Ondoan dugun bidegurutzea oso arriskutsua da. Behin, istripu baten ondorioz, auto bat sartu zen denda barruraino.