Koronabirusa dela eta, erresidentzietako langileen greba atzeratu egin du ELAk
243 egun greban egon ostean, Gipuzkoako Erresidentzietako langileek greba atzeratu dute, koronabirusak sortu duen pandemia egoera normalizatu arte. Grebalariek bilera egin dute gaur, hilak 13, eta aipatu erabakia hartu dute, euren lehentasuna lanean tratatzen dituzten pertsonen arreta dela nabarmenduz: “Lan egiten dugun biztanleriaren muga arriskuaren aurrean, greba atzeratuko dugu. Horrela, egoera larri horren aurrean %100ean erantzun ahal izango dugu”, adierazi dute.
Grebaren bi helburuak emakumezko langileen lan baldintzak hobetzea eta langile kopurua handitzea direla gogoratu dute, eta hartutako erabakia “koherentea” dela azpimarratu dute: “Guretzako, greba eta gatazka hau da egoera larri honen aurrean lehenengo prebentzio neurria. Izan ere, langile gehiago eta baldintza hobeak ari gara gure adinekoen arretarako”. Hala ere, Txomin Lasa ELAko sektoreko arduradunak nabarmendu du ez dutela greba bertan behera utziko, “atzeratu” baizik.
Era berean, Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari krisi honetatik kanpo hartu beharreko ardurak gogoratu dizkie Lasak: “Pertsonal falta badago, eta hori konpondu egin behar dute”. Bestalde, salatu dute aldundiak ez duela kontrolatzen koronabirusaren aurrean enpresak zein neurri ari diren aplikatzen: “Horixe gertatzen da hain sentikorra den sektore bat enpresa pribatuen eskuetan uzten duzuenean, haien etekin ekonomikoak bakarrik lehenesten dituztela”. Horretaz gain, adierazi dute Eusko Jaurlaritzak eta aldundiak urteak daramatzatela gai horretan “arduragabeak” izaten, eta “eskandalu” bat dela erresidentzietan langile gehiago ez jartzea: “Sektore honen egoera, berez, alarma egoera bat da koronabirusa egon ala ez, greba egon ala ez, egunerokotasunean dagoen egoera baita benetan alarmista dena”.
Horregatik, dei egin diote Eusko Jaurlaritzari, zaharren egoitzetan langile gehiago jarri ditzan eta sektoreko lan gatazka konpondu dezan: “Koronabirusarekin edo gabe, kalitatezko zerbitzua eman nahi diegu gure adinekoei. Aldundiari exijitzen diogu behingoz arduraz jokatzeko, guk beti egiten dugun moduan”.