Txomiñenea berriak denen ahotan jarraitzen du
Aste honetan hiritarren eta udaleko ordezkarien ahotan egon da Txomiñenea. Alde batetik, EH Bilduk salatu du District Heatingeko fakturak bizilagunei agindutakoak baino %50 garestiagoak direla. Bestetik, hodi biltzaile batek eragindako kalteek Etxebideren babes ofizialeko 146 etxebizitzaren eraikuntza atzeratu du.
Donostiako Udalak Txomiñenen ezarri duen berokuntza eta ur beroaren sistema komunitarioa da District Heating, eta abantaila ugari ditu ingurumenaren ikuspegitik, beroa sortzeko erregaia jasangarria baldin bada. Hain zuzen, udalaren aurreikuspenen arabera, CO2 isuriak %80 murriztuko dira sistema horrekin.
Auzoko etxe berrietan zein zaharretan ezarri dute sistema hori, eta udalak bizilagunei jakinarazi zien jasoko zituzten fakturak %15 merkeagoak izango zirela. EH Bilduk azaldu duenez, bizilagun batzuen testigantzak jaso dituzte, eta esan diete District Heating sistemari uko egin ziotela, garestiegia iruditzen zitzaielako. Hala ere, etxebizitza berrietako bizilagunak hamabost urtez sistema onartzera behartuta zeuden, salmenta kontratua formalizatzearekin batera.
EH Bilduk esandakoaren arabera, District Heating sistema duten bizilagunen artean kezka sortu da lehenengo fakturak heldu zaizkienean. Izan ere, berokuntza eta ur beroaren sistema indibidualak dituzten herritarren fakturak baino garestiagoak dira Txomiñenekoek jaso dituztenak. Horregatik, EH Bilduk adierazi du simulazioak egin dituztela, Ferrovial Servicios S.A. enpresak District Heating sisteman dituen prezioak gas naturala duen beste edozein herritarrekin alderatuz –energiaren prezioa, mantenua, zergak eta eskuragarritasuna kontuan hartuz, besteak beste–, eta salatu dute sistema komunitarioko fakturak %55 garestiagoak direla, batez beste.
Era berean, azaldu dute auzoko bizilagunek euren kalkulu propioak ere egin dituztela, Ferrovial Servicios S.A. enpresaren prezioak beste enpresa batzuen prezioekin alderatuz, Donostiako oposizioko alderdiak lortu dituen emaitza antzekoak eskuratuz.
Horregatik guztiagatik, gaiaren inguruko hainbat gauza galdetuko dizkio EH Bilduk udal gobernuari: galdetuko dute ea zergatik ordainduko duten %55 gehiago %15 gutxiago ordaindu beharrean, zenbatekoa izango den Txomiñeneko bizilagunek hamabost urte horietan ordainduko duten gainkostua, ea aipatu enpresa kudeatzaileari azalpenak eskatu dizkioten, eta ea bizilagunei konpentsaziorik ematea aurreikusten duten.
Kupula bat, hodi biltzailea estaltzeko
Etxebidek (Eusko Jaurlaritza) babes ofizialeko 146 etxebizitza eraikiko ditu Txomiñenean, eta horien eraikuntza atzeratu egin da Añarbeko uren hodi biltzaile batek eragindako kalteengatik. Nekane Arzallusek, Hirigintzako zinegotziak, azaldu du adostasun tekniko batera iritsi direla, eta obra «hemendik gutxira» hasiko dela.
Hain zuzen, kupula bat jarriko diote gainean, lanen eraginez kalte gehiago ez pairatzeko, eta obra normaltasunez egin ahal izateko. Atzerapenaren ondorioz, hainbat titularrek adjudikazioari uko egin diotela azaldu du kaltetu batek. Erakunde arduradunek, baina, ez dute hori baieztatu.