"Ziurgabetasun egoera batean gaude, ez gara esaten dutenaz fio"
35 urtez Galtzada Nagusiko 8. zenbakian bizi eta gero, azaroan, bere etxebizitza kontratua behin betiko iraungiko zela zioen burofax bat jaso zuen Monica Zapirainek. Harritu egin zen, mezu hura ez baitzetorren bat jabeek ordura arte izandako jokabidearekin. Hor gertatzen ari zena azkar ulertu zuen, ordea, Azorak Inmobiliaria Vasconganda erosi zuela jakin zuenean. Bizilagunen protesten ostean, aldiz, jabe berriak kontratuak berrituko dizkiela esan die Zapiraini eta beste hiru maizterri, baina, hauek, ezarriko dizkieten baldintza berrien beldur dira.
Urte asko daramatzazu eraikin honetan bizitzen, ezta?
Eraikin honekin lotura handia daukat. Soilik 8 urte nituenean etorri nintzen hona bizitzera, eta geroztik hemen geratu naiz. Orain nire ama bigarren solairuan bizi da, eta ni, berriz, solairuartean. Hitz gutxitan, eraikin hau nire etxea da.
Denbora honetan alokairuan egon zarete, ordea.
Bai, baina urte hauetan zehar jabeek helarazi izan diguten mezua da etxe hauek betiko izango zirela guretzat, eta hori ez zela aldatuko. Inmobiliaria Vascongadaren politika epe luzerako maizterrak izatea zen, eta bizilagun asko horretara egokitu ginen. Nire amak ez du egoera ulertzen: «Hau nire etxea da», esaten dit. Eta hala da, bere etxea da, jabetza beste norbaitena izan arren.
Nolako kontratua izan duzu?
Nire etxean hamasei urte daramatzat, eta, denbora horretan, zortzi urtez luzatu diren bi kontratu izan ditut, azkena urtarrilaren 31n iraungi zitzaidan arte.
Nik pentsatzen nuen honakoan ere automatikoki berrituko zidatela, baina ez da horrela izan. Azaroan burofax bat jaso nuen, kontratua guztiz iraungiko zitzaidala zioena, baina aukera eman zidaten hilez hil ordainduz nire etxean jarraitzeko, nork daki noiz arte.
Bizilagunen mobilizazioen ostean, ordea, zuri eta beste hiru maizterri kontratuak berritzea proposatu dizue jabeak.
Berez, ustezko kontratu berri horren baldintzak joan den astean aurkeztu behar zizkiguten, baina bilera atzeratu egin zen, Madrilgo dokumentazioa falta omen zelako. Biharko [martxoaren 19rako] deitu gaituzte berriro, eta hor ikusiko da zein den egoera. Hala ere, ziurgabetasun egoera batean gaude, ez baikara esaten dutenaz fio. [IRUTXULOKO HITZAk jakin duenez, egunotan, bizilagunak etxebizitzen jabearekin bildu dira; bileran hitz egindakoak, ordea, datorren astean jakinaraziko dituzte].
Zergatik ez zarete fio?
Azorak beste hiri batzuetan egin duena ikusi dugulako. Jabe berriak haiek zirela jakin bezain pronto ikertzen jarri ginen, eta aurkitu dugunak asko izutu gaitu. Praktika espekulatzaileak erabiltzen dituzte, eta haiengandik okerrena espero dugu. Auskalo zeintzuk izango diren beraien benetako asmoak, baina gu plan horietatik kanpo geratzeko beldur gara.