Boluntarioen sarea osatzen ari dira Egian, koronabirusaren aurrean auzotarren arteko laguntza sustatzeko
Parte Zaharrean bezala, Egiako auzotarrak ere hasi dira antolatzen koronabirusaren zabalpenak eragindako egoerari aurre egiteko. Hain zuzen, boluntario sare bat osatzeko asmoa dute, eta bi helburu dituzte: alde batetik, adineko eta patologiaren bat duten pertsonak babestea, eta ikastetxeen itxieraren ondorioz zaintza lanetan laguntza behar dutenei laguntza eskaintzea.
“Oso egoera berezia bizi dugu koronabirusaren mundu mailako pandemia dela eta, eta arduraz jokatzeko unea da”, zabaldu dute mezu batean. “Momentuz, ez dago konfirmatutako koronabirusik Egian, baina oso aldakorra da egoera. Arduraz jokatzeko unea da”, gaineratu dute.
Hortaz, “datorrenari erantzun ahal izateko”, zeregin horietan laguntzeko prest egongo diren boluntarioen zerrenda bat osatzea erabaki dute auzotarrek. Sarean parte hartzeko interesa dutenek, mezu bat bidali beharko dute egiazaintzasarea@gmail.com helbidera, izena eta telefono zenbakia jarriz.