Donostia Ospitaleko langileen oporrak bertan behera utzi dituzte
Koronabirusaren zabalpenak eragindako ohiz kanpoko egoeraren aurrean, Donostia Ospitaleko zuzendaritzak langileei jakinarazi die bertan behera gelditzen utziko dituztela baimenak eta oporraldiak, astelehenetik aurrera.
Komunikatu baten bitartez jakinarazi diete erabakia langileei, eta neurria sanitarioak ez diren gainerako arloetako langileentzat ere izango da. Adierazi dute antolakuntzari eragingo dioten “ezinbesteko izaera murriztailea” izango duten hainbat neurri ezarriko dituztela, “arreta egokia” bermatu ahal izateko. Era berean, ikerketa proiektuetan parte hartzeko liberazioak ere bertan behera utzi dituzte.
Nabarmenak dira egunotan sare sozialetan osasun sistemako langileekiko elkartasun mezuak. Esaterako, Whatsapp bidez zabaltzen ari den mezu batean, gaur, 22:00etan, osasungintzako langileak “omentzeko” deialdia zabaldu dute: etxeetako balkoi eta leihoetara ateratzera gonbidatu dute jendea, “txalo zaparrada bat” egiteko.