Nabarmen aldatu da hiriko kale eta saltokietako irudia
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordeak erabaki berri dituen neurrien inguruko adierazpenak egin ditu. Besteak beste, ostalaritzako jarduera oro bertan behera utzi, eta EAEko pertsona nagusien zentroak, gurtza lekuak, museoak, kirol instalazioak eta elkarte gastronomikoak itxi beharko dituzte bihartik aurrera.
? Eusko Jaurlaritzak #koronabirusa geldiarazteko Euskadi Osorako prebentzio neurriak ezarri ditu:
— Irekia-GobiernoVasco (@Irekia) March 14, 2020
1⃣ Adinekoentzako eguneko zentroak ixtea.
⏬⏬ pic.twitter.com/mk0SvF9S37
Gipuzkoan ia bikoiztu egin dira orain arteko kutsadura kasuak: orain arte 24 pertsona zeuden kutsatuta, eta azken orduetan beste 22 zenbatu dituzte. Gipuzkoan, hamasei pertsona daude ospitalizatuta Covid-19 birusaren ondorioz, eta hiru hil dira koronabirusarekin.
Donostiako kaleetan nabarmenak dira dagoeneko alarma egoeraren ondorioak, izan ere, udal zerbitzuen itxiera ia osoaz gain, saltoki eta taberna ugari itxi egin dituzte. Era berean, kaleetan ohi baino herritar gutxiago dabil, gehienak joan-etorrian, baina asko dira eguraldi onak bultzatuta kalera atera direnak ere; horietako asko turistak dira. Saltokien artean zabalik daudenetako gehienak saltoki txikiak dira, baita hainbat taberna ere. Erdialdeko kafetegi bateko zerbitzariaren ustez, “saihestezinak” izango dira osasun krisiaren ondorioak.
Hiriko zirkulazioan eragina ere nabarmena da: oso gutxi dira errepideetan dabiltzan autoak, eta Dbuseko autobusetan erabiltzaile kopurua jaitsi egin da.
Supermerkatu handiek, aldiz, ez dute horrenbesteko kalterik pairatu azken orduetan, eta jende ugari joan da erosketak egitera; eguneko lehen orduan gehienbat, ilara luzeak izan dira horietako batzuetan. Garbera merkataritza zentroko Eroskin, esaterako, oinarrizko elikagaiak dira gehien saldu direnak, baita garbiketarako produktuak ere.
Produktuak kobratzen ari den langile batek “langileen segurtasuna bermatzeko” neurri eskasak kritikatu ditu: “Oraingoz, eskularruak bakarrik eman dizkigute, eta etengabekoa da bezeroekin daukagun kontaktua”. Urkulluk hornidura eta banaketa “bermatuta” dagoela adierazi du, herritarrak lasaitzeko asmoz. Gainera, supermerkatuen eta botiken ordutegiak bi orduz zabaltzeko aukera aztertzen ari dira.