Parte Zaharrean "arrisku gehien duen jendeari" laguntzeko, zaintza sare bat osatu dute
Koronabirusaren pandemiagatik erakunde publikoek, etxeetan gelditzeko gomendioa egin dute, besteak beste. Batez ere, adineko jendeari eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonentzat egindako gomendioa da hori, eta horren aurrean, zaintza sare bolondres bat sortu dute, “hartzen ari diren neurriei modu kolektiboan erantzun ahal izateko”.
Parte Zaharreko zaintza sareak honakoa zabaldu du sare sozialetan: “Dituzuen beharrak identifikatu eta laguntzarik behar baduzue (erosketak egiteko, botikak erosteko, umeak zaintzeko, eta abar) gurekin harremanetan jarri”. Horretarako bi modu jarri dituzte: 617 754 839 telefonora deitzea, eta pzzaintzasarea@riseup.net helbidera mezu bat idaztea.
Era berean, bolondres moduan lagundu nahi dutenei ere idazteko deia zabaldu dute.
Gainera, beste auzo batzuetan ere antzeko egitasmoak antolatzen ari dira, hala nola, Egian eta Grosen.
Udaltzaingoaren identifikazioak
Gaur goizean, hainbat auzotar egitasmoaren berri ematera atera dira auzoko kaleetatik, eta Piztu Donostiaren Behatokiak jakinarazi duenez, Udaltzaingoak bi gazte identifikatu ditu Konstituzio plazan, informazioa megafoniaz ematen ari zirela.