80 urte Altzaren anexiotik
1939an, erregimen frankista ezarri zen Espainiako Estatuan, eta haren babesarekin, udalak Altzaren anexioa lortu zuen, 1940ko martxoaren 9an.
Joan den astean, hilaren 9an, 80 urte bete ziren Altza eta Donostia anexionatu zirenetik, eta urte hauetan guztietan zeresana eman duen erabakia izan da hori. Hain zuzen, aspalditik dator Altzako herritarren desanexio nahia, 1180. urtetik Altza Donostiaren parte bazen ere, nahiko independentea baitzen arlo ekonomikoan eta arlo erlijiosoan. 1821ean, Hirurteko Liberalean, Donostiatik desanexionatzea lortu zuten, baina bi urte baino ez zituen iraun erabaki horrek, Fernando VII.a errege absolutista itzuli zenean, aurreko gobernuak hartutako neurri guztiak deuseztatu baitzituzten.
Altzakoen independentzia nahiak, ordea, bizirik jarraitu zuen, eta gatazka luze baten ondoren, Espainiako Gobernuak “autonomia osoa” aitortu zion Altzari, 1879an. Ordutik, Altzak herri independente gisa funtzionatu zuen, baina Donostiako Udalak anexioa gauzatzeko asmoa mantendu zuen.
1939an, erregimen frankista ezarri zen Espainiako Estatuan, eta haren babesarekin, udalak Altzaren anexioa lortu zuen, 1940ko martxoaren 9an. Frankismoa herri eta hirien kopurua gutxitzearen aldekoa zen, horrela nazionalismoak gutxituko zirelakoan, eta Donostiako Udalak Altzakoaren zorrak bere gain hartzeko eta zonaldean hainbat hobekuntza egiteko konpromisoa hartu zuen.
Anexioaren ekitaldi sinbolikoa Intxaurrondoko Txaparrene kalean egin zuten, ordura arte bi udalerrien arteko muga zen lekuan. Han izan ziren Donostiako alkate Antonio Paguaga, gobernadore zibilaren ordezkari Elias Querejeta eta Altzako alkate Antonio Silva, besteak beste. Zinta bat jarri zuten bi udalerrietako korporazioen artean, haren mozketarekin anexioa irudikatzeko, eta Paguagak aizkora bat erabili zuen zinta mozteko, guraizeak erabili ordez. Horregatik, aizkorakada gisa da ezaguna une hori, Altzako Historia Mintegiaren arabera, tresna ez baitzuten ausaz hautatu: “Eduki sinboliko oso argia du: Altza herriarekin aizkorakada batez amaitzea”.