Donostiako hondartzak, parkeak eta pasealeku nagusiak itxi dituzte alarma egoeragatik

Koronabirusaren harira Espainiako Gobernuak ezarri duen Alarma Egoera dela eta, Donostiako Udalak hiriarentzako neurri sorta berri bat iragarri du. Besteak beste, hiriko hondartzak, parkeak eta pasealeku nagusiak itxi dira, hiritarrak euren etxeetan gelditzeko egin den deiari erantzun diezaioten, eta, kalera ateratzeko onartuko den baldintza bakarra norberaren lanpostura edo “lehen beharretarako jarduera bat” egitera joatea izango da.
Zentzu horretan, udalak dei egin die herritarrei “arduratsu izateko eta osasun larrialdi egoera honi aurre egiteko hartu diren neurriak betetzeko”, eta koarentenak iraun bitartean haien etxeetan gelditzeko deia egin die.
Horrez gain, udalak “kritikoak” ez diren udal zerbitzuen itxiera iragarri du, eta soilik hurrengoak mantenduko ditu funtzionamenduan: Suhiltzaileak, Babes Zibila, Udaltzaingoa, Mugikortasunaren atal operatiboa, Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzua, Gizarte Zerbitzuak, Hiri Garbiketa Zerbitzua, Polloe, DonostiaTIK, Udalinfo, Osasun Publikoa, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua, Abegi Etxea eta Gaueko Aterpea.
Hiritarren arreta zerbitzu presentziala bertan behera geratu denez, euren kudeaketak egiteko bide telematikoa erabili dezatela proposatu die udalak herritarrei. Horretarako, www.donostia.eus webgunea eta Udalinforen 010 doako telefono zenbakia erabili ditzaketela gogoratu du.
TAOak funtzionamenduan jarraituko du
Udal zerbitzu ugari eten diren arren, udalak jakinarazi du TAOa bere horretan mantenduko duela, aparkaturiko ibilgailuen kontrola egingo duten oinezko agenterik ez egon arren. Kontrola autoz egingo dute, eta arreta berezia jarriko diote TAO komertzialari eta zamalanen guneei, oinarrizko hornidurentzako libre egongo direla bermatzeko.
Era berean, udalak adierazi du datozen egunetan hiriko trafikoaren eboluzioa aztertzen jarraituko duela eta TAOari dagozkion etorkizuneko neurriak horren arabera hartuko dituela.