Kale egoeran dauden pertsonen beharrak asetzeko neurriak hartzeko eskatu du Hiritarron Harrera Sareak
Koronabirusa dela eta indarrean jarri duten alarma egoerak egoera zaurgarrienean dauden sektoreak kolpatzen dituela salatu du Hiritarron Harrera Sareak, bereziki kale egoeran dauden pertsonak. Azaldu dutenez, Donostian ehun bat pertsona daude egoera horretan, eta euren egoerak okerrera egin du orain. Horregatik, salatu dute udalak ez duela neurririk hartu kale egoeran dauden pertsonen arazoei aurre egiteko, eta nabarmendu dute orain arte zeuden baliabideak gutxitu egin direla, alarma egoerarekin.
Horregatik hainbat neurri hartzeko eskatu dio Hiritarron Harrera Sareak udalari: lo egiteko espazioak emateko, pertsona horien higienea bermatzeko eta egunean zehar egoteko leku bat izateko eguneko zentro batzuk martxan jartzeko, pertsona bakoitzari egunero janari poltsa bat emateko, korronte hargune bat eta wifi sare bat bermatzeko eta kale egoeran dauden pertsonei kalean egoteagatik isunik ez jartzeko, hain justu.
Neurri horiek guztiak “minimoak eta premiazkoak” direla nabarmendu du Hiritarron Harrera Sareak, eta berehala hartu behar direla adierazi du. Era berean, azaldu dute bilera bat eskatuko diotela Eneko Goia alkateari, gaiaren inguruan eta udalak hartu beharreko neurrien inguruan hitz egiteko.