Konfinamendua dela eta, egoera zaurgarrian dauden kolektiboek jasan ditzaketen arriskuez ohartarazi dute
Koronabirusaren pandemiak ezohiko egoerak eragiten ari da etengabe, eta hainbat eragile sozialek azaldutakoaren arabera, “egoera zaurgarrian” dauden pertsonak dira eragin gogorrenak pairatzeko arriskua dutenak. Adibidez, kalean bizi diren pertsonak eta indarkeria matxista pairatzen duten emakumeak. SOS Arrazakeriako etxeko langileen taldeak, esaterako, etxeetan lanean ari diren langileak “zaintzeko” deia zabaldu du.
Taldeko Tatiana Bellorinek azaldutakoaren arabera, langile askori lan egiten duten etxeetan gelditzera behartzen ari dira euren nagusiak; gainera, kontatu du ez dutela langileekin adosten ordu extra horiek ordainduko dizkieten ala ez. Era berean, etxeko langile asko mehatxatzen ari direla salatu du: norberaren etxera joanez gero, lana galduko dutela esaten diete.
Etxeko langileen kolektiboak gogorarazi du emakume horietako askoren familiek haiek irabazten duten soldataren menpe bizi direla, eta aldarrikatu dute haiek ere “zaintzeko eskubidea” dutela. Etxeko langileak kontratatuta dituzten pertsonei “euren betebeharra” betetzeko eskatu diete.
Indarkeria matxista eta zaintzen krisia
Euskal Herriko Mugimendu Feministak adierazpenak egin ditu gaur goizean, eta jakinarazi du mahai tekniko bat eratuko duela, Covid-19k “larriagotu duen” zaintza krisiari aurre egiteko. Horretarako, 48 orduko epea eman diete Euskal eta Nafar exekutiboei euren proposamena onartzen ote duten baieztatzeko.
Era berean, hainbat eragile sozial eta feministek indarkeria matxista pairatzen duten edo pairatu dezaketen emakumeen egoeraz ohartarazi dute, izan ere, konfinamenduak pertsona horiengan arrisku egoera larri bat sortu dezake. Euskal Autonomia Erkidegoan 900 840 111 telefonora deitu dezakete konfinamenduan indarkeria jasaten ari diren emakumeek. Telefono zenbaki hori anonimoa dela eta fakturan ez duela arrastorik uzten jakinarazi dute.
Gaur goizean, emakume bat hilik aurkitu du Ertzaintzak Soraluzen (Gipuzkoa), eta haren semea atxilotu dute, ama hiltzea leporatuta.