Matia kaleko Gurutze Gorriaren eraikina gaituko dute kutsatutako erresidentzietako nagusiak artatzeko
Koronabirusaren frogak positibo emandako eta arnas urritasun ertain eta larria duten Gipuzkoako erresidentzietako pertsona nagusiak artatzeko erabiliko dute Matia kaleko Gurutze Gorriaren eraikina. Hala erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin eta Osakidetzarekin batera.
Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu duenez, eraikinak 120 leku ditu, eta foru sareko “osasun dotazio handiena” duen egoitza da. Gaur egun han dauden egoiliarrak lurraldeko beste egoitza batzuetan kokatuko dituzte astelehena baino lehen. “Beraz, Gipuzkoak astelehenetik aurrera gune soziosanitario berri bat izango du, osasun-larrialdi honek izan ditzakeen ondorioei aurre egiteko gai izango dena”, gaineratu du.
Era berean, jakinarazi dute oraingoz ez dagoela konfirmatutako kasurik lurraldeko adineko pertsonen egoitzetan, eta neurri hori hartu dela transmisioaren handitzearen ondorioz, eta “osasun-sistemaren kolapsoa ekiditen laguntzeko” helburuarekin.