Soraluzen izandako erailketa matxista salatzeko, balkoietan kazeroladak egiteko deia egin dute
Gaur goizean, emakume bat hilik aurkitu du Ertzaintzak Soraluzen (Gipuzkoa), eta honelako kasuetan ohikoa den bezala, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak erailketa matxistak salatzeko protokoloa martxan jarri du. Normalean, erailketa salatu eta 48 ordutara deitzen du mugimenduak salaketa protesta, baina konfinamendu aginduak direla eta, elkarretaratzea beharrean, balkoietan kazerolada egiteko deia zabaldu dute. Era berean, jakinarazi dute 2020an indarkeria matxistaz hildako hirugarren emakumea izan dela Euskal Herrian.
Hain zuzen, Soraluzen gaur bertan egingo dute protesta, Emakume eraila Soraluzen! Toli, gogoan zaitugu! lelopean. Gainerako Euskal Herriko lekuetan, bihar, hilaren 17an, kazerolada egingo dute, nork bere balkoitik, 21:00etan.
74 urte zituen hilik aurkitu duten emakumeak, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, kolpe bat zuen aurpegian hilda aurkitu dutenean. Ertzaintzak haren semea atxilotu du, ama hiltzea leporatuta; gizonezkoak 33 urte ditu.