Mojo Workin' jaialdia diruz laguntzeko plataforma bat ireki dute
Koronabirusak eragindako alarma egoera dela eta, Donostiako XI. Mojo Workin’ musika beltzaren jaialdia bertan behera gelditu zen ostiralean, hasi baino ordu batzuk lehenago. Sarrera ia guztiak salduta zeuden dagoeneko, eta AEBetatik etorritako Spyder Turner, Chris Clark, Carolyn Crawford eta Ruby Andrews artistak hirian zeuden entseatzen, beraz, sarreren dirua artisten soldata, hotel eta bidaietan gastatuta zuten. Azaldu dutenez, jaialdia bertan behera uzteak 50.000 eurotik gorako zorra eragin dio jaialdiaren antolatzaile Gure Gauza Kultur Elkarteari, eta aseguruak pandemiak ez dituenez bere gain hartzen, oso egoera zailean daudela nabarmendu dute.
Horregatik, donazioak jasotzeko Paypal kontu bat irekita baldin bazuten ere, beste kontu bat ireki dute Gofundme plataforman, “gardenagoa” delako. Era berean, adierazi dute jaialdiko abonamenduen kostuko –42 euro– edo gehiagoko donazioak egiten dituztenek kode bat jasoko dutela, jaialdia bertan behera gelditu zenean korrika eta presaka grabatu zuten kontzertu txikia streaming bidez ikusi ahal izateko. Donazioak helbide honetan egin daitezke, eta, beste era batera laguntzeko, jaialdiko merchandisinga ere salgai dago mojoworkinfestival.com webgunean.
IRUTXULOKO HITZAk Mojo Workin’-eko antolatzailea, Arkaitz Kortabitarte ‘Punko’ elkarrizketatu du, jaialdiak eta berak bizi duen egera azaltzeko, eta Mojo Workin’-eko iragana errepasatzeko. Ostiraleko astekarian egongo da irakurgai.