Udal kontratazio guztiak Ogasun eta Finantzetako zinegotziaren esku geratu dira
Koronabirusaren izurriari aurre egiteko neurrien artean, Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du udal kontratazio guztiak Jaime Dominguez-Macaya Ogasun eta Finantzetako zinegotziaren esku uztea. Eneko Goiak bideokonferentzia bidez azaldu duenez, erabaki honen atzean udalaren kontratazio mahaia funtzionamenduan mantentzeko ezintasuna dago, “horrek jendea biltzea dakarrelako”.
Hortaz, hemendik aurrera eta alarma egoerak iraun bitartean, udal kontratazio guztiak zinegotziak kudeatuko ditu, hauek urgentziazkoak izan edo ez. Honen helburua kontratazioak “azkartasunez eta segurtasune”z egiten jarraitzea dela zehaztu du alkateak.
Bestetik, uneotan oraindik zabalik dauden udal lehiaketa publikoei dagokienez, Goiak adierazi du jarraitu beharreko bidea aztertzen ari direla, eta udalak gaia datozen egunetan jorratu beharko dutela azaldu du.