Udalak kale egoeran dauden pertsonentzako arreta antolatu du
Donostiako Udaleko Gizarte Ekintza saila hainbat neurri prestatzen ari da kale egoeran dauden pertsonei arreta eta zaintza eskaintzeko. Hain zuzen udaleko gizarte langileak pertsona horiekin banan-banan harremanetan jartzen ari da, bakoitzaren azterketa pertsonalizatua egiteko, eta koronabirusarengatik sortutako alarma egoeraren aurrean, ostatu aukeraren bat eskaintzeko.
Izan ere, udalak Gaueko Aterpea aldi baterako itxi egin du, alarma egoeran beharrezkoak diren distantzi eta isolamendu baldintzak betetzen ez zirela argudiatuz. Horregatik, Gaueko Aterpeko erabiltzaileak Abegi Etxera eta Ondarretako udal aterpetxera bideratu dituzte, horiek irekita jarraitzen baitute. Bestalde, udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin adostu du pertsona horientzat plaza berriak sortzea, koronabirusa zerikusia duen osasun laguntza emateko.
Hiritarron Harrera Sareak salatu zuen alarma egoerarekin kale egoeran dauden pertsonen egoera okerrera egiten ari zela, eta udalaren esku hartzea eskatu zuen.
Zaintza sareak
Udaleko etxez etxeko laguntza zerbitzuak abian jarraitzen du, baina alarma egoeraren aurrean, behar berriak identifikatu dituzte udaleko gizarte zerbitzuek, hala nola, elikagaien hornidura, botikak erostea, eta abar. Horregatik, hainbat gizarte eragilerekin elkarlanean dagoela azaldu du udalak, behar horiei erantzuna eman ahal izateko.
Gizarte eragile horiek sortutako zaintza sareak “modu koordinatuan” egin behar direla nabarmendu du udalak, oinarrizko segurtasun eta osasun baldintzak betez. Horregatik, udalak beste hainbat gizarte eragilerekin eta Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan dago, sare horiek ahalik eta azkarren abian jartzeko.
Bestalde, gizarte zerbitzuek telefonoz funtzionatzen jarraitzen dute, ez presentzialki. Haurren eta indarkeria matxistaren kasuak artatuko dituzte, eta etengabeko telefono arreta egongo da. Era berean, gizarte zerbitzuak normaltasunez jarduten ari dira, eta irekita daude Abegi Etxea eta Larrialdietako Udal Zerbitzua.