"Zaintza krisiari" aurre egiteko gizarte zibilaren parte hartzea "ezinbestekoa" dela uste du Gure Eskuk
Koronabirusaren pandemiak eragindako “une zailen” harira, adierazpen bat zabaldu du Gure Esku herritarren plataformak. Hasteko eta behin, “besarkada telematiko estu bat” bidali diete komunitateko kide guztiei, eta adierazi dute, ziur daudela krisiari “elkarrekin, komunitate bezala, eta herri bezala” egingo zaiola aurre.
Gure Eskuren ustez, “aurretik bagenekien” zerbait utzi du egoera honek agerian: “gutako bakoitzak besteen beharra duela”. Gaineratu dute elkar zaintzeko garaia dela, eta uste dute ezerk ez duela horrek baino lehentasun handiagorik, nork bere burua, eta “ahal dugun heinean” komunitatea zaintzea baino.
Era berean, zaintza krisiari aurre egiteko Euskal Herriko mugimendu feministak proposatutako egitasmoa goraipatu eta babestu dute. Hain zuzen, atzo, mahai tekniko zabal bat osatzeko proposamena egin zuten feministek. “Sinestuta gaude gizarte zibilaren parte hartzea ezinbestekoa izango dela egoerari aurre egiteko. Zalantzarik gabe, horrelako erronkei elkarrekin egin behar diegu aurre eragile, erakunde eta herritarrok”, esan dute adierazpenean.
‘Hamaika Gara’ egitasmoa
Joan den astean, hainbat alorretako eragileekin batera Hamaika Gara egitasmoa aurkeztu zuen Gure Eskuk. Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa masiboa da proiektuaren oinarria, eta dagoeneko digitalki sinatzeko aukera zabalik dago Hamaikagara.eus atarian. Halaber, egitasmoaren barruan bestelako jarduerak antolatu ditu plataformak, baina bizi dugun egoeraren ondorioz atzeratu egingo dituztela jakinarazi dute. Donostian, esaterako, egitasmoaren aurkezpenak egin behar zituzten hainbat auzotan, baina bertan behera utzi dituzte ekitaldiak.