Aste Nagusian Saguesen txosnak jartzeko izena emateko epea ireki dute
Abuztuaren 8tik 15era izango da aurtengo Donostiako Aste Nagusia, eta Saguesen txosnak jartzeko izena emateko epea ireki du Donostia Festakek. Udalaren programazioko kontzertuak egiten dituzte Saguesen urtero, eta bost txosna jartzen dituzte, guneko jai giroa bermatzeko.
Horrela, txosna jarri nahi duen hiriko irabazi asmorik gabeko elkarte orok deialdian izena eman dezake, eskaera Donostia Festaken bulegoetan (Konstituzio plaza, 1) aurkeztuz, apirilaren 30eko 13:30ak baino lehen. Maiatzaren 8an aurkeztuko dute elkarte eskatzaileen zerrenda, erreklamazio epe bat irekiz (maiatzaren 13a arte), eta maiatzaren 26an egingo dute bost txosnen zozketa. Deialdiko oinarriak Donostia Kulturaren webgunean kontsultatu daitezke.