Auzoetako zaintza sareak, gero eta antolatuago
Altzan, Parte Zaharrean, Igeldon, Amaran, Erdialdean, Añorgan, Egian, Grosen, Antiguan, Intxaurrondon, eta Amara Berrin, besteak beste, abian daude dagoeneko zaintza sareak. Hartzen ari diren neurriei modu kolektiboan erantzun ahal izateko sortu dituzte.
Konfinamenduak pertsona zaurgarrienengan izan ditzakeen eragin negatiboak aurreikusita, zaintza sareak antolatu dituzte hiriko hainbat auzotan. Pertsona nagusiei, arrisku taldekoak direnei eta zaintza lanak euren gain dituzten herritarrei “modu kolektiboan” laguntzeko helburua dute sareek.
Auzotar gehienak joan den astean hasi ziren zaintza sareak abian jartzeko antolatzen, eta egun gutxitan sarea osatu eta funtzionatzeko moduak adostu dituzte gehienek. Egian, esaterako, helbide elektroniko bat zabaldu zuten, laguntza eskaini nahi zuten pertsonek hara idatzi zezaten. Orain, 70 boluntario inguruk osatzen dute taldea, eta laguntza behar dutenentzat hiru telefono zenbaki zabaldu dituzte. Egian bezala, auzo gehienetan kontakturako telefonoak eta helbide elektronikoak jarri dituzte, laguntza behar duten pertsonentzat, baita laguntza eskaini nahi dutenentzat ere.
Sareetako askoren lehen hazia herri mugimenduetako auzotarrek jarri dute, esaterako, Antiguan: «Auzoko gazte talde baten iniziatiba izan da, Txantxarreka gaztetxea eta herri mugimenduetako beste pertsona batzuekin batera, eta Euskal Herriko hamaika txokotan sortzen ari ziren beste taldeak eredu hartuta», azaldu du Beñat Lusarretak, Antiguako zaintza sareko kideak.
Gerora, baina, beste auzotar asko ere gehitu direla azaldu du: «Ez dugu elkar ezagutzen, baina adin, izaera, jatorri eta egoera ezberdinetakoak garela ez dago dudarik». Gainerako auzoetan ere antzeko hazkunde prozesua bizi izan dutela azaldu dute sareetako partaideek.
IRUTXULOKO HITZAk hiriko hainbat zaintza sarerekin hitz egin du, haien esperientziaren berri izateko. Ostiraleko astekarian izango da erreportaje osoa irakurtzeko aukera.