Donostia Kulturak eskaintza zabala du sarean, konfinamenduari aurre egiteko
Koronabirusaren ondorioz Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoera dela eta, Donostia Kulturaren zentro guztiak itxita daude, baina eskaintza zabala dute sarean. Alde batetik, eLiburutegiko sarbidea errazteko erabakia hartu du Eusko Jaurlaritzak, eta Donostia Kulturako bazkideak sartu daiteke. 20.000 liburu eta 15.000 film daude eskuragarri eLiburutegian, eta erabiltzaile bakoitzak hilean lau liburu irakurri ditzake eta astean bi film ikusi.
Bestetik, mailegu digitalean bi atal daude eskuragarri: Liburu Dantza, non heldu zein haurrentzat kultur proposamenak egongo diren, eta Liburutegi Digitala, non XIX. mende amaieratik 1936ko uztailera arte argitaratutako prentsa guztia irakurgai dagoen. Era berean, San Telmo Museoak ere eskaintza zabala prestatu du, Internet bidez gozatzeko.
DK irratiak funtzionatzen jarraitzen du, egun guztian zehar, FMko 107.4 dialean. Internet bidez ere kontsumitu daiteke DK irratia, sarean dituzten podcasten bitartez. Horretaz gain, youtubeko kanala ere badu Donostia Kulturak, eta hainbat erreprodukzio zerrenda aurki daitezke hor, baita hiriko kultur ekitaldi nagusien kanalak ere: Jazzaldiarena, Korner jaialdiarena, Zinemaldiarena, eta abar. Era berean, Spotify musika plataforman ere hainbat erreprodukzio zerrenda dituzte.
Bestalde, Giza Eskubideen Zinamaldiaren kanala ere erabilgarri dago Filmin plataforman eta Nosferatu aldizkariko ale guztiak eskuragarri daude sarean. Edozein zalantza izanez gero, Donostia Kulturako telefonora –943-48 11 50 (9:00-17:00)– deitu daiteke, edo euren posta elektronikora edo sare sozialetara idatzi.
Sarreren diruaren itzultzeak
Donostia Kulturako leihatilak, jakina, itxita daude egunotan, beraz, martxoaren 13tik 29ra bertan behera utzitako ekitaldien sarreren diruaren itzultzea bi eratara egingo dute.
Alde batetik, sarrerak Internet bidez erosi zituzten pertsonei automatikoki itzuliko diete dirua. Astelehenean, hilaren 16an, hasi ziren itzultzeak egiten, eta bi astetan diru guztia itzuliko dutela aurreikusi dute. Bestetik, sarrerak leihatilan erosi zituztenek, leihatilak berrirekitzen dituztenean hara joan beharko dute euren sarrerekin, dirua eskatzera. Zalantzaren bat izanez gero, dksarrerak@donostiakultura.eus helbidera idatzi daiteke.