Donostiako Udalak Larrialdi Klimatikoaren Deklarazioa onartu du
Donostiako Udalak Tokiko Gobernu Batzordea egin zuen asteartean, eta Larrialdi Klimatikoaren Deklarazioa onartu zuen, adierazpen horren bitartez, konpromiso politiko berriak eta lotesleak hartuz.
Hain zuzen, urteko berotegi efektuko gas murrizketak bermatzeko gai den bide-orri lotesle bat egitea, erregai fosilak erabiltzeari uztea, %100 berriztagarriak diren energia iturrien aldeko apustua egitea eta IPCCren txosteneko jarraipenei jarraituz, karbono emisio garbiak ahalik eta azkarren zerora murriztea, horrela munduko tenperaturaren igoera 1,5 gradutara mugatzeko.
Beste erabaki batzuk
Horretaz gain, Pilar klinikako azpieremua birparzelatzeko proiektua behin betiko onartu du udalak, eta, beraz, zonalde horretan etxebizitzak eraikitzeko proiektuak aurrera jarraituko du: 56 etxebizitza eraikiko dituzte, horietako 26 libreak, 10 babes ofizialekoak eta 16 tasatuak.
Era berean, hainbat ikastetxetako obrak kontratatzeko espedienteak ere onartu ditu tokiko gobernu batzordeak: Altza SJC ikastetxeko patioa birgaitzeko exekuzio proiektua (hiru hilabeteko epea eta 378.249 euroko aurrekontua), Amara Berri-Morlans ikastetxeko patioa birmoldatzeko exekuzio proiektua (hiru hilabeteko epea eta 289.997 euroko aurrekontua), CEP Herrera LHI ikastetxe kanpoko arotzeria eta fatxada margotuak ordezkatzeko exekuzio proiektua (bi hilabeteko epea eta 210.055 euroko aurrekontua), Nemesio Etxaniz kaleko Gizarte Zerbitzuen Zentroan aurre eskolarako lokal bat egokitzeko handitze proiektua (sei hilabeteko epea eta 599.293 euroko aurrekontua) eta Amara Berri ikastetxeak Urdaneta kalean duen Urbieta eraikineko hainbat gune egokitzeko proiektua (lau hilabeteko epea eta 349.239 euroko aurrekontua), hain zuzen.
Azkenik, Ondarreta hondartzako gehigarriak kentzeko laguntza tekniko eta zientifikoen zerbitzua eta kontrol eta zaintza bektorialeko hiriko zerbitzuak (120.000 euro) kontratatzeko espedienteak ere onartu dituzte.